Azaroaren 9tik 13ra Garaia Parke Teknologikoan ospatuko den Euskadiko lehenDrone Soccer Txapelketak zazpi ikastetxeren eta 100 ikasleren parte-hartzea ziurtatuta du dagoeneko. Euskadin lehen aldiz antolatu den ekimena doakoa da, eta plazak mugatuak dira. Ikastetxeek eta parte-hartzaileek ez dute aldez aurreko ezagutzarik izan behar, ezta materialik ekarri ere.
Izena emateko epea amaitzear dago. Interesa duten ikastetxeak Garaia Parke Teknologikoarekin harremanetan jar daitezke zalantzak argitzeko eta parte hartzeko egunak beren eskola-egutegira egokitzeko.
Flybblek eta Garaia Parke Teknologikoak antolatutako txapelketa azaroaren 9tik 13ra ospatuko da, 2026ko Zientzia eta Teknologia Astearen barruan. Lehiaketak droneak, kirola eta Steam ikaskuntza uztartuko ditu, eta teknologiarekin, berrikuntzarekin, talde-lanarekin eta erronken ebazpenarekin lotutako esperientzia praktikoa eskainiko die ikasleei.
Lehen aldiz Euskadin
Txapelketak bost jardunaldi izango ditu: azaroaren 9tik 12ra lau sailkapen-saio egingo dira, eta azaroaren 13an final handia jokatuko da. Talde bakoitza 12 eta 16 urte bitarteko hiru ikaslek osatuko dute. Parte hartzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik esperientzia izatea edo norberaren materiala edukitzea; antolakuntzak lehiaketarako behar diren ekipamendu eta baliabide guztiak jarriko ditu Garaia Parke Teknologikoan.
Drone Soccer partidez gain, droneen erabilera profesionalari eta 4.0 industriari buruzko hitzaldiak eta tailerrak izango dira. Startup eta enpresa teknologikoekin elkartzeko gune bat ere eskainiko da.
Plaza mugatuak
Plazak mugatuak dira, eta izena emateko hurrenkeraren arabera esleituko dira. Lehiatzeko egunak ikastetxeekin adostuko dira, haien erabilgarritasunera egokitzeko.




