“Arrasaten Covid19-ko 7 paziente tratatzen gabiltza Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuarekin”

0
1334

7 arrasatear dabil tratatzen Debagoieneko Ospitaleko zerbitzu hau gaur-gaurkoz. Eskualdean 26 dira. Zerbitzu honetako arduraduna Julio Cesar Sandoval elkarrizketatu dugu:

– ESI Debagoieneko Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuarentzat egun gogorrak eta lanpetuak izaten ari dira?

– Lana ugaritu egin da COVID19ko paziente kopuruaren arabera. Izan ere, pertsona hauek kontrolatu eta tratatu behar dira irizpideak jarraituta, euren etxeetan artatuak izateko. COVID19aren ondorioz arnasketako sintomak arinak (gehienak) edo larriak izan daitezke. Larrialdi-zerbitzuetan pazientea ebaluatzen da. Sintoma arinak dituzten pertsonak Lehen Arretak artatzen ditu eta jarraipena egiten die. Sintoma larriak dituzten pertsonak ospitalizatzen dira. Ospitalizatzerik edota ospitalearen laguntza urgenterik ez duten pertsonak euren etxeetara itzul daitezke eta gure zerbitzua jaso. Pneumonia gogor gabeko pertsonak artatzen ditugu, arnasketa gutxiegitasuna ez dutenak, 60 urte baino gehiagokoak, komorbilitatea (EPOC, bihotzeko gaixotasunak, hepatopatia kronikoa, minbizia,…) eta abar.

Hortaz gain, jarraitzen dugu gure ohiko agendako pazienteak artatzen: zainketa aringarriak, kronikoak, infekziosoak, bihotzeko kirurgiaren eta kirurgia neurologikoaren tratamenduak, transplantatuak, eta abar.

– Zenbat profesional ari zarete zerbitzu honetan lanean?

– 5 mediku eta 8-9 erizain. Profesional batek bi txanda egiten ditu beharrezkoa denean.

– Zenbat pertsona artatu dituzue Covid19arekin Arrasaten?

– Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuak gaurko egunean (apirilak 2) bere ardurapean ditu Covid19a duten 7 pertsona Arrasaten (Debagoiena osoan 26 pertsona).

– Zein baldintzatan eraman behar da pazientea ospitalera?

– Pazienteak klinikoki edo analitikoki okerrera egiten badu, larrialdietara bideratzen dugu, eta bertan proba osagarriak egin ostean, ospitaleko plantara eramaten dute.

– Osasun Publikotik Covid19 kasu batzuk zentro pribatuetara bideratu dira, zein da egoera Arrasaten?

– Debagoiena Osakidetzak oraingoz ez du osasun pribatura pazienterik bideratu.

Artxiboko argazkia, Debagoieneko ESI.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen