Covid-19, krisia eta borroka [Testua: Igor Urizar]

2
1715

Testua: Igor Urizar (Antikapitalistak-eko militante eta Elkarrekin Arrasateko zinegotzi).

COVID-19-ak gure gizartean eragindako danbatekoak errealitatea goitik behera astindu du. Ia bi hilabete irauten ari duen “limbo” existentzial honek agerian utzi ditu ekoizpen eredu kapitalistaren jarioak. Baina garrantzitsua da kontuan izatea konfinamenduak ekarri duen ekonomiaren geldierak ez duela krisi ekonomikoa berez sortu, ekoizpen krisi hau denbora luzean egosten izan da (eraikuntzaren sektorea atzerapenean sartu zen Otsailean eta automobilgintzan beherakada konfinamendua baino lehenago hasi zen). Pandemiak lehenagotik garatzen zebilen krisiaren txinparta piztu du, baina gasolina aurretik botata zegoen. 2008-ko krisitik ekonomiaren berreskuratzea zapaldutako klaseen sorbaldetan eman zen, banaketa desorekatu baten. Krisiaren “amaieran” batzuk aberatsago izaten jarraitu zuten eta gehiengook prekarizatuago. Datorren krisi berriak askoz ere egoera latzago batean aurkitzen gaitu gizartearen zati zabal bat. Baina nola eragiten ari da eta ze ondorio izango dituzte osasun krisiak eta krisi ekonomikoak gurean? Erantzun zehatz bat ematea ezinezkoa da, krisien dimentsioak sakonak eta anitzak izango dira, baina orain arte ikusitakoarekin zirriborro bat pentsatu dezakegu.

Lehenengo eta behin konfinamendua ez dela denontzat berdina izan aitortu behar da. Klaseen arteko hasierako baldintzak ez dira berdinak, errealitate materialak edo baliabide mailak zerikusi zuzena dute isolamendu soziala bizitzerako orduan. Beste hainbat esan daiteke genero desberdintasunekin. Zaintza eta erreprodukzio sozialerako lanen banaketa ez da berdintsua eta konfinamendu egoera honek emakumeen bizitzan izan dituen aldaketak sakonki aztertu beharko dira. Galerak orokorrak izan direla esan dezakegu ia guztiontzat (sektore batzuk lanean jarraitu dute eta beste batzuk etekina atera diote osasun krisiari), baina ez da berdina 200 metro karratuko etxe batean edo 50-ekoan familia bat konfinaturik egotea. Ez da berdina aurrezki poltsa izatea, errentaduna edota denboraldiko lan gabe geratu eta alokairu/hipoteka ordainduz ia diru gabe gelditu izana (edo etorkizunean atzerapena ordaindu beharra). Askotan baliabide gutxien dutenek familia, lagun, komunitate edo sare asistentzialen laguntzara jo behar izaten duten oinarrizko beharrak asetzeko. Hau konfinamendu egoeran ez da posible izan. Elikagai bankua adibidez geldirik egon da bi hilabete hauetan gure herrian. 200 bat familia hartatzen zituen, 600 bat pertsona, egunero jan ahal izateko bankura jotzen zutenak eta bi hilabete hauetan baliabide hau gabe gelditu direnak udal administrazioaren inoperantziaren aurrean.

Enpleguan oso ondorio nabarmenak izan ditu geldialdi honek, baina sektore ezberdinen arteko desberdintasunak ere handiak dira. Bigarren sektorean geldialdia xamurra izan da kasu batzuetan. Patronalen presioek, CONFEBASK eta Urkulluren amodioa medio, ehunka langile behartu dituzte euren osasuna kolokan jartzera lanera joatera behartuz. Gainera ERTE-ak erraztu zaizkie enpresa handi askori, etekinak sobera zituzten erraldoiei diru publikoaren kontura. Enpresa ertain eta txiki ugarik ez dute zorte bera izan eta askoren etorkizuna kolokan dago. Iada hasi dira kaleratze eta kontratazioak errazteko, lan ordutegiak malgutzeko eta orokorrean jabeen etekinen izenean langileen baldintzak zatitzeko ahotsak.

Emaitza okerrena hirugarren sektorean daukagu, funtsezko zerbitzuen salbuespenaz. Baina kontuan izan dezagun funtsezko zerbitzu hauetan irabazle enpresen jabeak izan direla, hauetan langile askok gain esplotazio basatia bizi izan dute, lan baldintza kaxkarrekin (zahar egoitzetan adibidez) eta kasutan baita osasuna arriskuan jarriz. Negozio txikiak, merkatariak, ostalaritza, zerbitzu sektoreetakoak (prekarizatu eta feminizatuenak), denboraldiko langileak… gizarte zati hau sufritzen ari dena eta epe motzean sufrituko duena ez da neurri kosmetikoez konponduko. Aldaketa estrukturalak hausnartzea, inplikatuekin batera, ezinbestekoa izango da krisi sozial luze eta latz bat ekiditu nahi bada.

Hala ere badago beste gizarteko geruza bat egoera zahurgarriago baten bizi dena. Kalkulatzen da Arrasateko biztanleriaren %20-a pobreziaren mugan edo azpitik bizi zela konfinamendu aurretik. Momentu honetan ezin da ezagutu muga hori nola aldatu den baina segurtasunez esan dezakegu jende multzo guzti honen egoerak okerrera egin duela eta beste jende multzo bat mugara heldu edo azpira erori dela (edo eroriko dela). Langabeak, beltzean eta “prekarioan” lan egiten zutenak, enplegua izanda ere hilabete bukaerara heltzen ez zirenak, migranteak (%60-a pobreziaren muga azpitik), pixu pateratan bizi direnak… familia eta norbanako guzti hauen egoera larrialdi egoerakoa dela ia seguru esan dezakegu eta berriz ere udal administrazioaren psikopatia sozialak marjinalitate hutsean uzten ditu.

Ikus dezakegunez, salbuespen egoera erabatekoa da. Eredu honen gizagabekeria eta desberdintasun sozialen basakeria biluztu ditu pandemiak. Eta ez du berez hobera egingo, ez eredu hau defendatzen duten eta eredu honetaz baliatuz eta azpikook zapalduz etekinak ateratzen dituztenen eskutik jarraitzen badugu. 2008-ko krisia ordaindu genuenok berriro krisi hau ordaintzea bilatuko dute. Enpresen etekinak salbatzea langile klasekoen bizien gainetik. Horretarako parasitatzen dituzten instituzio liberaletaz eta alderdi morroietaz baliatuko dira, zahar egoitzetan izan den sarraskian ikus dezakegu. Urteetan pribatizatzen jardun duten sektorea, enpresa pribatuen etekinen mesedetan egoiliar eta langileen lan eta bizi baldintzak xurgatuz. Prozesu sarraskitzaile honen emaitzak argi ditugu, zoritxarrez, baita Arrasaten ere.

Ez du egoerak berez hobera egingo. Beti izan den bezala, borrokak markatuko du emaitza. Eta horretan ere beste mundu bat proiektu dugun antolakuntzok (alderdi, mugimendu, sindikatu, elkarte) aitortu beharra daukagu konfinamendua gogorra izan dela guretzat. Antolakuntza eta mobilizazio tresna tradizionalak ezinezkoak izan dira epe honetan. Desmobilizazioa, tentsioa galtzea, motibazio zailagoa, bakoitzak borroka bere aldetik egitea… patroi bilakatu dira hainbat eta hainbat erakundetan. Ez da erraza izango berriz martxan jartzea, baina guztiz ezinbestekoa izango da datorren ofentsiba neoliberalaren aurrean. Eta eraso horrek behar bezalako erantzun bateratu eta indartsua izan beharko du ezkerreko indarren aldetik. Arrasaten ere bai. Udal gobernuko alderdiek erakutsi dituzte euren kartak (egia esan ez zen bestelakorik espero bi alderdi neoliberal hauen aldetik), instituzioko botere erlazioak ez du ahalbidetzen krisi honek eskatzen duen lan politikoa soilik bertatik egitea. Ez dauka zentzu handiegirik alderdiok borroka partidista horretan behar den baino denbora gehiagoi galtzerik. Garrantzitsua izango da bertan egotea, baina momentu honetan borrokaren gakoa beste toki batetik sustatu eta antolatu beharko da. Kalea, mugimenduak, aliantzak ehuntzea da momentuko erronka. Hor izan dezakegu potentziala, subjektu anitz, zabal eta horizontalaren bitartez; desberdinen artean helburu partekatua finkatuz, krisi honetatik gure eta gureon bizitza defendatzeko gutxiengo programa amankomuna eratuz. Hor izan dezakegu aukera lehenengo borroka politikoa irabazi, hegemonia soziala lortu eta ondoren arerioari eskua bihurritzeko. Eraikuntza demokratikotik, konfiantzak landuz, bakoitzaren pertsonalitatea mantenduz baina aukera eta erronka historikoaren arduraz. Etsaiak ez du itxaroten, erresistentzia eraiki dezagun.

2 IRUZKIN

  1. Nire galdera da, zer egin dezute Udaletxeak lanean dabizueneok bi hulabete hauetan zuen 100% soldata kobratu. Zer egin dezute. Herriaren alde? Maskarillak banatu,? Etxeetara koronabirusaren prebenzio konzienziazio pedagogían? Nola jokatze gida eredurenbat? Zahar egoitzaren egoera latza salatu eta akziorenbat hartu dezute? EZER ERE EZ. UDALA GESTIONATZEN DEZUTEN DENOK EZ ZARETE ARRASATE GURE HERRIAK MEREZI DUEN KOMPPROMISOA BETE. oso polita eta uztaileko eusko hauteskudeak ikusita erretaila politak ateratzea, Barkatu baina udal politiko guztien jokaera eta inoperantziak NAZKA ematen. Dit. Propaganda eta erretaila gutxiago eta ekintza gehiago

  2. Aurreko komentarioarekin bat nator. Hori da, nik behintzat oso dezepzionatuta nago. Ez dut inonik inora herritarrei laguntza eskeni. Ez babesik, ez informaziorik. Partidu politiko guztiak huts.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen