Covid-19 dela eta, ohiko esku-hartze kopurua bikoiztu du Arrasateko Udaltzaingoak azkenengo 3 hilabeteetan

0
1185

Hiru hilabete hauetan, martxoaren 1etik maiatzaren 31ra arte, 2.217 pertsona identifikatu dira, 3 pertsona ikertu dira konfinamendua behin eta berriz hausteagatik, 212 zehapen-proposamen egin dira, eta 5.254 auto gelditu dira trafiko-kontroletan.

Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak eta Zigor Andino udaltzainburuak gaur goizean emandako prentsaurrekoan, azken hiru hilabeteetan udaltzainen aktuazioen datuak aurkeztu dituzte. Ubarretxenak azpimarratu duenez, “pandemiaren ondorioz, azken 3 hilabeteak oso bereziak izan dira, eta horren ondorioz, udaltzainen aktuazioak ezberdinak izan dira eta areagotu egin dira”.

Hiru hilabete hauetan, martxoaren 1etik maiatzaren 31ra arte, 2.217 pertsona identifikatu dira, 3 pertsona ikertu dira konfinamendua behin eta berriz hausteagatik, 212 zehapen-proposamen egin dira, eta 5.254 auto gelditu dira trafiko-kontroletan. Ubarretxenak azpimarratu duenez, “Egoera oso berezia izan da, ohiko lanek behera egin dute, baina bestelako lanek gora egin dute, besteak beste, zaratak eragindako elkarbizitza arazoek, batez ere apirilean”.

Prentsaurrekoan jakitera eman dutenez, Udaltzaingoak egin dituen lanak kontrolari, informazio eta pedagogia lanari eta hainbat esku-hartzeri buruzkoak izan dira batez ere:

– Kontrol-lanari dagokionez, hainbat kontrol jarri dira martxan. Guztira, 959 egin dira: 270 osasun-zentroetan, 419 saltokietan eta 270 eremu publikoetan.

– Lan informatibo eta pedagogikoari dagokionez, informazioa eskatzeko deiak boskoitu egin dira. Ubarretxenak azaldu duenez, “dei asko jaso ditugu, zer egin zitekeela edo ezetz galdetuz”. Informazioa modu presentzialean ere eman da 201 aldiz.

– 781 esku-hartze ere egin dira: 432 administrazio-eremuarekin lotutakoak (animaliak, zaratak,…), segurtasun-eremuarekin lotutakoak (lizkarrak, matxurak,..) 77, 82 trafikoarekin lotutakoak eta ingurumenaren eremuarekin lotutakoak (xabalieak, zuhaitzak erortzea…) 53.

Ubarretxenak azaldu duenez, “Udaltzaingoak, gainera, maskarak banatu ditu saltokietan, elikagaien bankuen koordinazioari lagundu dio, auzokideen deiei erantzun die,… Esku-hartzeko eta kontrolatzeko lanez gain, bestelako jarduerak ere egin dituzte, herritarrei laguntzeko. Udalak bere profesionaltasuna eta inplikazio pertsonala eskertu nahi ditu. “

Ondoren, Zigor Andinok hartu du hitza. Udaltzaingoaren jarduerak bi zatitan banatu ditu: alde batetik, ohikoak diren 781 jarduera egiten dituzte , eta, bestetik, 760 Covid-19rekin lotutako jarduerak izan dira “guztira 1541 jarduketa egin dira, eta horrek esan nahi du hiru hilabete hauetan biderkatu direla esku-hartzeak.”

Andinok 3 kategoriatan banatu ditu Covid-19arekin dagokionez egin dituzten jarduketak:

– Kontrol-lana indartu da.

– Herritarrei laguntzeko lana.

– Lankidetza-lana beste udal-polizia batzuekin, Ertzaintzarekin eta Osakidetzarekin. “Denbora guztian koordinatu gara, esku-hartzeetan koherentzia mantentzeko eta irizpide berberak erabiltzeko.”

Halaber, udaltzainek egindako lana eta ahalegina eskertu nahi izan ditu. “Administrariak gurekin geratu dira irrati lanak egiten, garabiaren taldekoak megafoniako lanak egiten, autoak garbitzen… aritu dira. Ez dagozkien lan asko egin dituzte, eta askotan beraiek eskatuta. Inplikazio handia izan dute. “

Covid-19akin lotuta, 136 kexa jaso dituzte herritarrek, ustez alarma-egoeraren neurriei uko egiteagatik, 59 etxebizitzetako zaratengatik eta 10 kaleko zaratagatik. Lapurretei dagokienez, azken hiru hilabeteetan behera egin dute. Guztira 10 lapurreta izan dira: 3 tabernetan, 4 kalean eta 3 garajeetan. Drogen gaiari dagokionez, bi inputazio egin dira.

“Herritarrak erlaxatu egin dira azken asteetan, baina arduratsuak izaten jarraitu behar dugu. Ez da ahaztu behar ia 28.000 pertsona hil direla, enpresak itxi direla, ERTEek eta EREek kaltetutako langileak… Oso egoera latzean gaude, eta, batez ere, hasieran egokitu egin behar izan genuen, koordinazio arazo asko izan genituen. Egia da, halaber, udalaren eta beste sail batzuen laguntza handia jaso dugula. Arazo asko izan ditugu, baina jendeak asko jarri du bere aldetik eta eskertzekoa da. “

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen