COVID-19, aldaketarako aukera [Testua: Josu Urrutia]

1
763

Deskonfinamendua hastearekin batera, azken egun hauetan telebistako albistegietan mezu eta istorio baikorrak ugaritu dira. Gure gizartearen alde baikor eta gizatiarrena erakutsi nahi izan digute.

Hala ere, krisi honetan bakoitza den modukoa dela ikusi dugula uste dut, are eta nabarmenago, alegia. Alde batetik, bai, ikusi dugu osasun arloko kolektiboa heroien moduan lanean bizitzak salbatzen, haien bizitzak arriskuan jarrita. Era berean, behar gehien dutenei laguntzeko gure herri eta auzoetan bolondres sarea antolatuak ikusi ditugu, jende nagusiari erosketak egiten, ezer ez duten familiei jatekoa eramaten, telefonoz hitz egiten bakarrik daudenekin, edo maskarillak egin eta banatzeko lanetan. Beste aldetik baina, ikusi ditugu Aste Santuan edo asteburuetan, eguraldi ona aprobetxatu eta oporretan joan nahi izan dutenak;  gehiegikeria polizialak; gure herri eta auzoko dendak itxita dauden bitartean Amazonen bitartez erosten egon direnak; balkoietako zelatariak; eta, baita, osasun materialarekin espekulatzen ibili direnak eta, gainera,  akastun materialak ere bidali dutenak, osasun langileak kutsatuz.

Antzeko zerbait gertatzen da munduko azken krisien ondorioak errepasatzen baditugu ere. Horrela, 1918an, gripe epidemiaren ostean, Europako herri askotan osasun sistema publikoak sortu ziren. 1929ko porrota eta Munduko Bigarren Gudaren ondorioz, gaur egungo ongizate-estatuaren oinarriak jarri ziren.

Hala ere, 2008ko krisi finantzariaren ondorioa herrialde gehienetan eman den prekarietate eta ezberdintasun igoera izugarria izan da, horrela, munduko aberastasun gehiena gutxi batzuen esku geratu delarik

Pandemia osteko gizartea zelakoa izango da?

Lehenengo aldatu behar duguna, helburua da. Ezin dugu bizi gehiago edukitzeko. Urtero gehiago irabazteko eta gutxiago ordaintzeko. Halaber, ezin dira enpresen emaitzak izugarri hazi eta  zerga gutxiago ordaindu. Alternatiba, hobeto bizitzea izan daiteke. Batzuetan, horrek, urte gehiago bizitzea esan nahiko du.

Kontuan hartu behar dugu Sahara azpiko Afrikako hainbat herrietan bizi itxaropena 50 urtekoa dela, gurea baino 30 urte gutxiagokoa, hain zuzen ere. Baina beste kasu batzuetan, gurean, ezberdin bizitzea esan nahiko du. Era jasangarriagoan, natura errespetatuz eta ez bakarrik gugan pentsatuz. Eta, horrek, nahita ez ekarriko du gutxiago kontsumitzea eta gutxiago bidaiatzea. Helburu berri honetarako, BPG-a ezin da izan adierazlea. Horren alternatiba moduan, munduko zoriontasunaren txostena bururatzen zait, arlo ezberdinak aztertzen dituena tartean askatasuna, osasuna, korrupzioa… edo behintzat Giza Garapen Indizea, gutxienez bizi itxaropena, hezkuntza maila kontutan hartzen dituena BPGarekin batera.

Hobeto bizitzeak, inor atzean ez uztea esan nahi du.

Garapen Jasangarriaren Helburuen leloak dioen moduan. Eta horrek esan nahi du, ez aparkatzea gure nagusiak zahar etxeetan, gure ume txikiak haurtzaindegietan eta gure gazteak eskola eta ikastoletan, gu helduok ekoiztera joan ahal izateko. Horrek esan nahi du, zaintzen lehentasuna berreskuratu behar dugula,  gure gizarte berriaren oinarria izateko. Inor atzean ez uzteak, eredua aldatu behar dugula esan nahi du, biolentzia eta jazarpenengatik munduan 50 miloi pertsonak bere etxetik alde egin behar ez  izateko. Baina, baita ere esan nahi du, ezin dugula onartu munduan 800 miloi pertsona gose izatea, eta urtero goseak 2 miloi pertsona  baino gehiago hiltzea.

Gizarte berriaren oinarria giza eskubideak izan behar dira.

Krisi hauetan beldurragatik ahaztuta egon diren eskubideak. Lehentasuna beraz, eskubideen nagusitasuna berreskuratzea izan behar da, era horretan, hurrengo krisialdian eskubide horiek ez dituzte murriztuko gutxieneko berme juridikoak errespetatu barik.

Eraiki behar dugun gizarte berriaren protagonista emakumea izan behar da.

Nabari geratu da osasun krisia hobeto kudeatu duten herrialdeen agintariak emakumezkoak direla. Beraz, zergatik hain emakume gutxi herrialdeen goi agintari moduan? Zergatik hain gutxi enpresa eta kooperatiben agintean? Guztion lana da aldaketa hau sustatzea gizartearen beraren onurarako.

Bizitza berri hau zientzialariek pandemia garaian aurrerapausoak eta ikerketak elkar banatzeko erabilitako ereduari jarraituz eratu beharko genuke, eta ez politikarien eredua erabilita. Eta ez naiz, Bolsonaro edo Trumpi buruz bakarrik ari. Gertuago ere, liskarrak ikusi ditugu agintea nork hartu behar duen erabakitzeko, pandemiari aurre egiteko eta deskonfinamendua antolatzeko eredua dela eta. Hots, ezintasuna nabaria izan da elkarrekin erabakitzeko eta ondorioz, herri bakoitzak eredu ezberdina ezarri izan du.

Garai berriko enpresa eredua ez dugu asmatu behar. 

Gehien daukanak agintzen duen ereduaren aurrean, kooperatibak aberastasuna era zuzenean banatzeko eredua eskaintzen du. Non pertsona bakoitzak boto bat duen, non elkartasuna, ekitatea, berdintasuna, demokrazia, auto ardura eta auto laguntza diren balore nagusiak. Eta non  komunitatearekiko konpromisoa oinarri bat den hasierako Rochdale aitzindarien garaitik. Arizmendiarrietak esan zuen moduan erronka orain mundu mailako elkartasunezko erregimen kooperatiboa lortzea da.

Mundukiden horretan jardungo dugu, ELKARTASUNA EZIN DA GELDITU!

Iruzkin 1

  1. Eskerrik asko, oso beharrezkoa da bizi dugun egoera zail honetan ekarpen solidarioak egitea komunitateari. Gizarte hobea lortzeko ipar orratza kooperazipa izan behar da dudarik gabe. Emakumeen protagonismoa ere azpimarratzekoa da pandemiatik ondo irtetzeko. Arrasateko eredua kontuan hartzekoa da. Aupa Mundukide, segi horrela

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen