“CDRok desobedientzia zuzena baliatzen dugu, ikuspuntu ez-biolentotik”

Amaia arrasatearra dugu eta urteak daramatza Katalunian bizitzen. Gaur hitzaldia eman du Terrassako herrikide 'Franki'rekin. Salatu dute Katalunian "preso politiko batzuk lehen mailakotzat eta beste batzuk bigarren mailakotzat hartzen dituztela".

0
633
CDRak

Gaur arratsaldean hitzaldia eman dute Irati tabernan: ‘Zer gertatzen ari da Katalunian?’ galderari erantzuteko asmoz. Biekin izan gara gai honetaz gehiago jakin guran:

– Zer gertatzen ari da Katalunian?


– Frankie: Kataluniak urteak daramatza herritarren kontzientziazio prozesu batean, erabakitzeko eskubideari eta autodeterminazio eskubideari dagokienez. Izan ere, estatu espainiarraren zamatik askatu nahi dugu.


Prozesu honek indar berezia hartu zuen orain 10 urte inguru, nazioaren egunean, erreferendumetan,… oinarrituta. Herriak bere burua antolatu du, erakundeen eta elkarteen bitartez, eta alderdi politikoak mugiaraztea lortu du.


Mugarri nagusia Urriaren 1a izan zen, estatu espainiarri desafio ikusgarria bota ziona. Auzoak, herriak eta hiriak ahaldundu ziren, eta frogatu zen posible zirela erreferenduma antolatzea eta egitea.


Ondo antolatutako herri bat kalera irtetea geldiezina da, poliziak ezin izan zuen gerarazi. Matematikoki ere hala da.


Dena den, gure ustez klase politikoak ez zuen tamainako erantzunik eman. Ondorioz, Urriaren 1etik gaur arteko egoeraren balantzea gazi-gozoa da. Ez da lortu guk gure herriaren etorkizuna erabakitzea, baina esan behar da ere denbora tarte honetako kolpe errepresiboak oso gogorrak izan direla.


Egun gizarte kataluniarra mobilizatuta dago, inoiz baino gehiago, eta desobedientzia zibilaren bitartez, aurrera pauso handiak ematen dabil. Bitartean, baina, klase politikoa polikiago doa.


Kalean Tsunami Democratic, CDR eta gizarte zibil antolatuaren mobilizazioak bortizki erreprimitu dituzte guardia zibilek, polizia espainiarrek eta batez ere mosso d’escuadrek. 1.000 errepresaliatu, 200 auzipetu, kartzelaratuak, CIEetan deportatuak,… eragin dituzte.


Gu Terrassatik gatoz, eta bertan egunero-egunero 50-100 herritarrok askatasunaren alde abesten dugu, preso politikoen askatasunaren alde, besteak beste. Esperientziak erakusten digu borroka hau epe luzerako dela.


– Zer ez dakigu Arrasaten eta Euskal Herrian Kataluniari buruz?


– Amaia: Guk CDRok ohartzen gara preso politiko batzuk lehen mailakotzat eta beste batzuk bigarren mailakotzat hartzen dituztela. CDRko 9 kide atxilotu zituzten eta horietako 7 kartzeleratu. Errealitate horiek ikusarazi gura ditugu.


Gainera, errepresio horren datu batzuk ez ziren hedabideetara iritsi, eta guk ezagutu genituen abokatuen bitartez. Adibidez, guardia zibilak atxiloketa batean 10 urteko haur bat suzko arma batekin enkainonatu zuela, umea lurrean zela.


Estatu espainiarrak ez zituen oinarrizko eskubide asko errespetatu, tartean bi kideren defentsarako eskubidea. Holako gauzen berri ez zuten eman komunikabideek. Ordea, lehergailuen, bonben,… bertsioa lau haizeetara zabaldu zuten.

595.Katalunia.Franki.Amaia.Hitzaldia2 (id: 6937571)
Hedabideen, polizien, politikoen eta epaileen arteko ados jartze horrek eragiten du informazio horiek adibidez Euskal Herrira ez iristea, batez ere errepresioaren alorrean.

Franki: Horrelako gauzez Euskal Herrian jakin badakizue, hemen ere lege “antiterrorista” askotan aplikatu delako eta oinarrizko eskubideak zapaldu direlako. Katalunian esaterako tratu txarrak ematen dabiltza, audientzia nazionalak aginduta eta guardia zibilak gauzatuta.
 
Hona iristen ez den beste informazio bat da Kataluniako auzoetako, herrietako eta hirietako antolakuntza eta mobilizazio maila. Gizartearen aldarrikapenak politikariak gainditzen ditu. Kaleak politikariei eragiten die, eta errealitate horrek ez du isladarik hona iristen diren hedabideen mezuetan.
 
Kataluniako udalerri guztiek CDR, ANC, Omnium edota herri-batzar bana daukate. Herri askotan mobilizazioak astero egiten dira.
 
– Zer dira CDRak? Zein helburu ditu eta zein bide?
 
– Erreferenduma babesteko komite gisa sortu ziren, eta herritarrak aktiboki inplikatzeko erreminta bat izan da, alderdi politikoetatik kanpo. 
 
CDRok Urriaren 1aren antolakuntzan parte hartu genuen, papeletak eta hautestontziak herrikideek eskura izan zitzaten, poliziaren esku-hartzea saihesteko,… 
 
Antolakuntza asanblearioa da, erabat horizontala, eta ordezkaritza parekideak, anitzak,… aukeratzen ditu. Eskualde mailako organoak ditu, baita koordinadora nazional bat ere.
 
Helburu nagusia da Urriaren 1eko bozketek emandako mandatua aplikatzea, hau da, errepublika posible egitea, soilik desobedientzia zibila eta ekintza zuzena baliatuz, betiere ikuspuntu ez-biolento batetik, baina konfrontaziozkoa.

Indenpentziaz gain, etxebizitza duinaren, kalitatezko osasun publikoaren, feminismoaren,… aldeko aldarriak egiten ditugu, kalean funtzionatzen baitugu.

Antolakuntzari jarraipena eman gura diogu eguenorokotasunean, eta ekintza ikusgarrien bitartez, alderdi politikoei eta estatu espainiarrari presio egin nahi diegu, argi adierazteko Katalunian herri sendo bat dagoela eta independentziarantz egingo duela aurrera.

– Zelan aurreikusten duzue etorkizuna?

– Franki: Ni pixka bat ezkorra naiz, lan handia behar da helburua lortzeko. Irailaren 23ko errepresioa baino kolpe handiagoak izango dira ziurrenik. Estatu espainiarrak Tamara eta Adriren aurka egin zituenak esperimentuak izan ziren.

Normala da, estatu espainiarra kinka larrian jartzen ari gara. Gainera, Kataluniako politikoak ez dabiltza gizartearen aldarrikapenari tamainako erantzunik ematen. Horretan CUP soilik dabil tamainako erantzuna ematen.

Esquerra eta Convergencia ez baditugu nahikoa presionatzen, ez da aurrera egingo. Puigdemontek ez luke alde egin behar izan. Omnium eta ANC, ordea, ausart dabiltza. Rosa Parks aipatuta, “gero eta gehiago etsitzen badugu, gero eta gehiago zanpatuko gaituzte”.

Amaia: Gero eta ageriagoak dira muntaia politiko, polizial eta judizialak. Ondorioz, kataluniarrak ohartzen ari dira errepresio hutsa direla.

Horregatik, mugimendu sozialak eta kaleak presio egiten die politikoei, baina hauek ez dute behar bezala jokatzen. Horrek ezkortasun puntu bat eragiten dit. Adibidez, Esquerrak ez ditu I-23ko atxilotuak babestu.

Franki: Baina aldi berean oso pozik gaude herria ahaldundu delako. Horri esker lortuko dugu helburua, ez politikoen eraginagatik.

– Zerbait gehitu nahi duzue edo zerbait azpimarratu?

Franki: Irailaren 23ko atxilotutako pertsonak babesteko talde bezala etorri gara. Gure kideak dira eta horietako batzuk gure hurbilekoak. Gogoan izan ezin direla egon lehen mailako eta bigarren mailako errepresaliatuak.

Tamara, Adri, 9 atxilotuak (hauetako bi Soto del Realeko espetxean daude, bakartze erregimenean),… Eurak ere preso politikoak dira, euren ideologia eta borrokagatik kartzelan daudelako.
 
David, Clara, Xabier, Edu, Alexis, Germinal, Xavier, Jordi eta Ferrani besarkada handi bana hemendik. Gaur bezalako hitzaldiek helburu dute euren kasua ezagutzera ematea. Alde positibo batetik begiratuta, errepresio hau guztiau dago Katalunia herri antolatua borrokan ari delako.

Oso eskertuta gaude hemengo, Euskal Herriko jendeari, historikoki zuengandik gauza ugari ikasi ditugulako kuraiari eta borrokari dagokienean. Eskertzen dugu Arrasateko jendeak beti besoak zabalik hartu gaituelako. Borrokan eta kalean elkar ikusten jarraituko dugu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen