Catarsi Feministaren lagunek gorpuztasun anitzak plazaratu dituzte

0
1062

Amaia Txabarri arrasatearrak gidaturiko ekimenak zenbait modeloren argazkiak eta bideoak aurkeztu zituen Gaztetxean, nazio mailako aurkezpenean. Egitasmoko lagun guztiek herritarren txalo beroak jaso zituzten.

Catarsi Feministak Euskal Herri mailako aurkezpena egin zuen atzo arratsaldean, eta nazio mailako ekitaldia Arrasateko Gaztetxean izan zen.

Herritar ugarik adi jarraitu zuten aurkezpena, umore ona izan zen nagusi eta momentu serioagoak ere egon ziren. Aipatzekoa da sarrera doakoa izan zela.

Catarsi Feministako kideek, besteak beste, Amaia Txabarri arrasatear-bartzelonarrak, hala definitzen dute egitasmoa:

“Argazkilaritza Kritiko Feminista egitasmo bat gara. Gure helburua da era guztietako gorpuztasun anitzak bistaratu ahal izatea”.

Amaiak gidaturik, herri nahiz nazio mailetako zenbait lagun ezagunek argazki eta ikus-entzunezko saioetan parte hartu izan dute, eta lanaren emaitza atzo Gaztetxean plazaratu zuten.

Ekimenaren helburu nagusietako bat izan da “era guztietako gorpuztasun anitzak bistaratu ahal izatea”, eta atzoko ekitaldiak xede hori bete zuen.

Emakume-gizon ugarik adi jarraitu zuten aurkezpena, eta argazkiak nahiz bideoak pantailaratzeaz gain, ‘Anatxuchic’ artistak bakarrizketa esan zuen, zuzeneko musika Ainhara Kortabarriak, Iraitz Agirrek eta Ekiñe Casadok jarri zuten.

Ekitaldiko aurkezle Andrea Gonzalez Gazteako esataria aritu zen, eta oholtza gainera igo ziren Amaia Txabarri, zenbait modelo eta egitasmoko beste zenbait lagun ere.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen