Bihar (asteartea) hainbat enpresak euren jarduerari berrekitea aurreikusten dute, eta ondorioz langile gehiagoren joan-etorriak izan daitezke. Horretarako, Aldundiak Lurraldebusen zerbitzuak ugarituko ditu “goizeko lehen orduetan eta eguerdian”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak handitu egingo ditu egun martxan diren zerbitzuak.
Izan ere, alarma egoerak jarritako mugak betez, martxoaren 29az geroztik zerbitzu murriztuak aplikatu dira.
Aldiz, hainbat jarduera laboral bihartik aurrera berraktibatuko direnez, Aldundiak eskari hazkundeari erantzun gura dio.
Autobusetako langileen eta erabiltzaileen osasun segurtasuna “ziurtatuko da bidaiari kopurua, ordaintzeko sistema eta distantzia soziala zainduta”.
Zerbitzuen gehikuntza “goizeko lehen orduetan eta eguerdian aplikatuko da, bidaiariak autobusetan pilatu ez daitezen. Autobus zerbitzuak funtsezko jarduera arloak (ospitaleetan…) eta asteartean berriz lanean hastekoak diren lantokiak dauden eremuetan indartuko dira batez ere”.
Aldundiak, halaber, azpimarratu du “telelana lehenetsi behar dela posible den guztietan, eta funtsezkoak ez diren merkataritza establezimenduek eta aisialdikoek itxita jarraituko dutela”.
Osasun krisi hau hasi zenetik, “Lurraldebus oso-oso gertutik jarraitzen ari da garraioan dagoen eskaria, eskura dituen giza eta material baliabideak egunean-egunean herritarren eskarietara egokitzeko”.
Era berean, bezeroak artatzeko zerbitzu guztiak martxan ditu, lurraldebus.eus webgunean eta 900 300 340 telefonoan.
“Gaur egun bizi dugun egoeran, garraio publikoa oinarrizko zerbitzu bat da eta kalitatezko erantzuna ematen ari da, Lurraldebuseko enpresa emakidadun guztietako profesionalen konpromiso eta ahaleginari esker”.