Brutalismoaren eraikin ikoniko bat Bizkaia Etorbidean [Ramon Ugalderen testua]

3
1512

Aitortu beharko dugu hormigoizko eraikinek ez daukatela prentsa onik gure artean. Eraikin funtzionalak izaten dira, batzuetan hori ere ez egia esateko, baina jende gehienarentzat estetikoki itsusiak izaten dira.  Obra publikoetan onartzen dugu: errepideetako zubiak eta tunelak eskuarki hormigoizkoak izaten dira baina horrelako azpiegiturei ez zaie eskatzen aparteko balio artistikorik.

Horrela ba, holako gauzez aritzen diren adituen artean “brutalismo” berba sortu da, hormigoiaren “gehiegikeria” erabili duten eraikinen estiloa deskribatzeko.

Brutalismoa, Bigarren mundu gerraren ondoren sortutako estilo arkitektonikoa da. Mota askotako brutalismoak daude,( burdinarekin, adreiluarekin, material nahasiekin …) baina adieraren jatorria frantsesetik dator, beton bruit, hau da zementu edo hormigoi hutsa. Estilo honen sortzailetzat Le Corbusier arkitekto suitzarra har daiteke. Hasiera batean halako harrotasun batekin edo hormigoiaren edertasuna balioan jartzeko diseinatzen zituzten eraikinak. Hau da, eurentzako hormigoia ez zen zatarra. Aitzitik hormigoiaren edertasuna balioan jarri nahi izan zuten. 

Funtsean hori da brutalismo arkitektonikoa: eraikina bere zakartasunean, bere handitasunean erakustea. Hormigoiaren laztasuna, eraikinen handitasuna, inguruko etxeekin oreka eza, harrotasuna, kontrasteak konplexurik gabe agertzea. Askotan horrelako eraikinen aurrean gure pertzepzioa izaten da: zer egiten du honek hemen? Ez dutela ondo ematen, ondo “pegatzen” sentitzen dugu. Badirudi arkitektura desegokia dela: ez dator bat inguruarekin, zakarra da.

 Hori horrela da, jendeari orokorrean ez zaio gustatzen baina XX. mendeko arkitektura ezin da ulertu hormigoiaren erabilera kontuan hartu gabe. Hormigoiak gainera posibilitate plastiko ugari ahalbidetzen du batetik eta bestetik erakin handiagoak eta argi zabalekoak  egiteko aukerak ematen ditu. Eta noski hormigoia erabili zuten brutalismoaren aurreko arkitekto eta bezeroak baina “lotsatu” edo egiten ziren  eta hormigoia disimulatu egiten zen eraikin gehienetan: pintatu, harrizko plakekin estali …

Bestaldetik, brutalismoa esan daiteke lehenengo estilo globala izan zela: leku denetan garatu zen ia epe berean: Mendebalde kapitalistan, Ekialde sozialistan, deskolonizatutako herrialdeetan …

Gaur egungo ikuspuntutik harrigarria iritziko diogu baina estatu sozialistetan brutalismoa utopiarekin lotuta zegoen eta berdintasunaren izenean estilo horretan egiten ziren langileentzako etxe bizitza auzoak eta baita erakin instituzionalak ere, utopia sozialista irudikatzen zutenak eta hormigoiaren ezaugarri teknikoak baliatuz itxura  futurista edo zientzia fikziokoa zeukatenak. 

Gerra zibilean, halabeharrez, brutalismoa gauzatu zen inolako teorizaziorik gabe: Bunkerrak, eta antzerako gotorlekuak hormigoiaz egin ziren. Gerra ostean ere ur estalkia zeukaten fabrikak ere hormigoi hutsezkoak ziren.

Eta gure bazterretan zer? Arrasaten, arkitektura mota hau garatzeko baldintzak ezin hobeak dira, edo izan dira: Ferralla lantegiak, pinu azkarreko plantazioak eta zerrategi ugari eta harrobiak. Azken urteotan hiru harrobi handi izan ditugu (San Josepe, Kobate eta Kanpazar) baina gehiago ere izan ziren.

Hormigoia eraikuntzan erabiltzeko burdina eta enkofratuak beharrezkoak dira. Eta enkofratuak egiteko ohol merkeak edo tableroak. Tablero lantegiak ere urrin joan barik ia bertan, Oñatin. Oholak inguruko zerrategietatik lortzen ziren eta ez ziren oso garestiak. Arrasateko zerrategiak aspaldi desagertu dira.

Agian bi elementu hauek ere ez dute asko lagundu hormigoizko eraikuntzen balorazio positiboan: pinu azkarreko landaketa masiboekin eta kare harrizko harrobiekin lotzen ditugulako.  

Bai, hori horrela da, pertsona askorentzat pinudiak zein harrobiak itsusiak dira eta material horiekin egindako arkitektura ere bai.

Estilo honetan adibide dezente daukagu Mondragoen. Ba bai,  ondoren zerrendatzen ditugun eraikin guztiak sailka daitezke brutalismoaren barruan. Eta ia guztiak dira erakunde publikoek egindakoak. Eta mondragoetar gehienentzat eraikin zatarrak dira.

Gutxi balitz gehitu ditzagun eraikin edo egitura hauen erabileran sortzen diren beharlekuak.  Zatarrak ez ezik deserosoak ere izaten dira: Uarkapeko harmailen aldatza  larregikoa da, Arrasate Pasealekua San Andresko Maiatzaren Leheneko Plaza lotzen duen eskailera arriskutsua, Institutua urruti dago eta deprimentea da, Uarkape osteko lekua desegokia da Emakumeen Txokorako, Malbinetako igogailura iristeko tunela ere beldurgarria omen da, auto gidariak zorabiatu egiten dira parking horretan, …Berdura Plaza ( azoka plaza) (sic) ere zulo batean dagoela, umela dela …. Holako gauzak entzuten dira eraikin brutalisten gainean. Konforme.

Beude hor kritikak. Baina, deabruaren abokatuarena eginez, nik uste dut hormigoiaren zakartasunean, laztasunean,leuntasunean eta forma ugari emateko gaitasunean, bere kolore grisean, eta funtzionalitatean edertasuna ere bilatu daitekeela. 

Esan bezala ia Km0ko eraikuntza mota da, lehengaiak ia bertan izan dira. Eta bestaldetik hormigoizko eraikin bat eraisten bada birziklatzea oso erraza da, hormigoi hutsezkoa izanik eho (trituratu)  eta berehala lortzen da harea berriz ere erabiltzeko. Eraikuntza mota hau merkeagoa da: trebetasun teknikoa eskatzen du, enkofratua ondo egin behar da hori bai, baina gerora oso iraupen luzekoa izaten da.  Hormigoiak beste abantaila batzuk ere badauzka: zutiko gutxi batzuetan eusten dira habeak eta espazio zabalak eta argi gehiagokoak lortzen dira. 

Ahaztu baino lehenago esan behar da brutalismoa modan dagoela, kontuan hartu behar da hormigoiaren “plastizitatea” ( hau da enkofratu egoki batekin ia edozein forma eman dakioke) aprobetxatuz forma arraroko eraikinak jaso ziren leku askotan, eta gaur egun ikonikoak bihurtu dira. Sareko bilatzailean brutalismo/irudiak klikatu eta nahikoa da eraikin harrigarriak ikusteko. I love brutalism moduko plataformak ere sortu dira.

Gurean, ordea , hormigoiaren erabilera orokorrean irudimen gutxikoa izan da, arkitektura klasikoaren formak errepikatzeko erabili da. Horrela izan da, baina badago salbuespen bat, agian kokapenak behartuta baina ez ohiko forma hartu duen eraikin bat: Bizkaia Etorbideko Parkinga eta igogailua. Niretako estilo honetan jasotako eraikin interesgarriena Mondragoen. Kaxa erraldoi bat, bi zilindrorekin inguratuta. Oso dotorea da, alboko dorreetan jaisten / igotzen  den ranpa kiribilduek sekulako edertasuna ematen diote. Bere edertasunaz gozatzeko perspektiba pixka bat behar da baina eraikin ikonikoa izan daiteke. Ez dauka meritu gutxi haitz artean eraikin hau sartzeak. Parkinga egin eta gero Malbinetako igogailua eta beste ranpa bat gehitu zioten ezkerreko dorrearen goiko parteari. Brutalismoa bakarrik hormigoiaren erabilerara mugatzen da? Inoiz ez dut ikusi, eta askotan pasatzen naiz bertatik, auto bakar bat ere kiribil hauetan bueltaka,  eta ama batzuk esan didate euren alabei ahokatzen dietela igogailua ez erabiltzeko ordu ilunetan. Bestaldetik Larragain kaleko bizilagun batzuk protestatu egin zuten goiko sarrera/ irteera egin zutenean, trafiko gehiegi izango zela euren kale lasaian eta. 

Forma geometriko hauek ez dira politak? Eta ideia ona da hormigoia pintatzea? Jende askorentzat hormigoiaren grisa itsusia da, zatarra eta kolore biziz pintatzeko joera nagusitzen da. Nire iritzian askotan ez dute asmatzen eta eraikina zatartu egiten da.

3 IRUZKIN

  1. Arkikulu polita behingoz mondraberrin, ezberdina, interesgarria. Eguzki Dorrea da nire ustez Arrasateko Brutalismoaren ikurrik adierazgarriena. Kuriosoa da egunkari batean Euskal Herria Skylineko partaide bezala sailkatu zutela Iberdrola Dorrearekin batera. Badago aldea bi horien artean; baina gainekaldeko apaingarriak kentzen badizkiogu bigarrenari, funtsean azpikaldekoa bietan berdin samarra.

    Erguinen instalatatzen ari diren igogailu eta plataformak ere Brutalismoaren ikur izan daitezke. Hormigoi gehiegi ikusten ari gara azkenaldian Arrasaten gauza onerako. Brutalismoa gure zergekin egiten ari dutena batzuk eta hainbat terraza berriren kokalekua. Autoak espaloietatik eta jendea errepidetan ikusiko genituela pentsatu nuen behin. Eta horrela jarraituz gero auskalo.

  2. Brutalismoa eta feismoa oso ezberdinak dira.
    Eraikin bat hormigoizkoa izan daiteke eta era berean atsegina ,estetikoa eta ingururuarekin bat egiten duena.Aipatzen dituzun eraikinak ez dute zer ikusirik Le Corbusierrek eta beste hainbat arkitektoek sortu zituzten artelan brutalistekin.Materiala ez da nahikoa estilo baten barruan artelana kokatzeko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen