Boxeoan eta arte martzialetan ere berdintasuna? [Testua: Euxebio Arexolaleiba]

0
391

Hasteko esan behar ez naizela sare sozialetan asko sartzen den horietakoa. Duela gutxi, hilabete pare bat edo, eta kasualitatez, bi neska gazteren arteko borroka bat ikusteko aukera izan nuen, arte martzialetako borroka. Egia esateko, inoiz ez nuen ikusia horrelako “kirolik”. Nik uste nuen horrelako astakeriak gizonezkoak soilik egiten zituztela. Harrituta, zur eta lur geratu nintzen nola kolpeak elkarri, eta beti aurpegira edo burura, zuzentzen zituztela ikusita. Min ematen zuen, eta dit, horrelako “kirol” basati bat ikusteak. Hango odol jarioa, hango hematoma eta elkarri arerioa animalia bat balitz bezala begira, kolpea non emango. Ikusleak, haiek ere gizon eta emakumeak, ‘boxeolari’ batek bere arerioari kolpe bat ongi ematea asmatzen zuenean pozarren algaraka jartzen ziren. Giroa paranoikoa zen. Bozgorailutik, gizakume batek ere, animatzen bi animalia elkarrekin topekan, ahari talkan ariko balira bezala, ikusleak eta giroa berotzen.

“Kirol” hori onartzean bai gizonetan eta baita emakumeetan ere ez zait inolaz ere onargarria denik iruditzen. Gizonen artean gaizki dagoena ezin da berdintasunaren izenean onartu neskak ere joku horretan sartzea. Zergatik? Horrek pertsona desegin egiten duelako.

Hona hemen nolako ondorioak dituen, adituek diotenez:

  • Etengabeko kolpeen ondorioz, kasuen % 90ean arazo neuronalak sortzen dira epe ertainean: bizkortasun mentala gutxitzea, ohikoena.
  • Boxeolariak kolpe gogorren eraginpean jartzen dira etengabe, eta ondorio fisiko eta mentalak uzten dituzte beren karreran eta, bereziki, erretiratzen direnean.
  • Ikerketa berri baten arabera, horietako % 90ek garuneko lesioren bat izango dute karrera amaitzean.
    Zergatik?
  • Arrazoi nagusia, jasotzen dituzten etengabeko kolpeek burmuina substantzia kimikoz betetzen dutela da, neuronen despolarizazioaren ondorioz. La Sextak jasotzen duenez, boxeolari baten burmuina borroka batean zigortzen dute, sei kiloko mailu bigungarri batekin 30 kilometro orduko abiaduran emango baliote bezala, egunean 30 aldiz.
  • Garuneko eraso hau urteetan zehar hainbat aldiz bizitzeak ondorio itzulezinak uzten ditu.

Zer ondorio eragiten dituen?

  • Lehen sintomak hauek dira: buru-arintasuna murriztea, mugimen-koordinaziorik ez izatea, pentsamenduak ordenatzeko zailtasunak izatea, hau da, diskurtso bat egiterakoan arazoak izatea.
  • Denborarekin, portaera psikotikoak ager daitezke, baita dementzia edo Parkinsona ere.
  • Kolpeen eraginpean etengabe egoteak lesio neurologikoak eta kognitiboak izateko etengabeko arriskua dakar, eta, beraz, boxeoa arrisku-kirola da.
  • Boxeolarien % 40k eta % 80k entzefalopatia kroniko traumatikoak dituzte, eta % 17k Parkinsona dute, Mohammed Ali handiaren kasuan bezala.
  • Dick Swaab, arazo hauetan espezializatutako neurologo holandarrak hau dio, ‘Somos nuestro cerebro’ liburuan hitz egin zuen boxeoaren ondorioez: lesio neurologiko baten jatorria: martxaren ezegonkortasuna, hizkuntzaren nahasmenduak, etengabe mugitzen diren begiak, eraso epileptiko klasikoren bat. Edo Futbol amerikarra bezalako beste kirol gogorretan gertatzen den bezala, neuronen arazoak epe luzerako arrisku garrantzitsuenetako bat dira.
  • Lehiatzen hasi nahi badugu, oso maila amateurrean bada ere, kontuan izan behar dugu buruan etengabe jasotako kolpeek lesio neurologikoak eragin ditzaketela, normalean epe luzera, punch drunk delakoa kasu, baita dementzia mota bat ere.
  • Borrokatik sortzen den beste aukera bat begi-eremuan kolpeak jasotzea da, bat-batean edo pixkanaka ikusmena galtzea ekar ditzakeena.

Zenbat boxeolari hil dira borroka bat irabazi ondoren?.

Mingarria gertatzen da ikustea neskek ere “kirol” hau pratikatzen dutela. Min ematen du arerioaren buruan, inolako errukirik gabe elkarri nolako kolpe latzak eta bortitzak ematen dizkioten.

“Kirol” hau praktikatzen duten gehienak oso txiroak eta kultura maila gutxikoak izaten dira, nahiz eta, egia esan, duintasun handikoak. Zerbait izan nahi dute eta euren pobrezia horretatik irteteko aukera horri heltzen diote. Ikusleek onartuko lukete bere alaba edo ahizpa edo neba kolpeka ikustea aberats horien gozamenerako? Esango dit batek baino gehiagok, bakoitza askea dela edozein gauza egiteko.

Begira, pertsonak ez gara izaki isolatuak. Beti behar dugu besteen inguruan bizi eta elkarrekin partekatu bizitzako gorabeherak. Gutako edozeinen ekintzak gure inguruan eragina dauka eta ondorioak, adituen ustez, lehen aipatu diren horiek dira. Eragin zuzena dauka” kirol” hori pratikatzen duenarengan, bere familia, lagun eta gizartean. Ondorio horiekin gaixotzen bada, denok ordaindu behar ditugu,lehenengo jokalariak berak. Beraz,pertsona askeak gara inolako zalantzarik gabe baina eraginak kontuan izan behar ditugu eta ondorioez jabetu.

ETBk ere astero eskaintzen du Boxeo izarrak izeneko saio bat. Eurek onartuta daukaten kode etikoaren arabera programa hori kentzeko eskatu beharko genuke. Eta feministek ere eskatu beharko lukete, pertsona beraren onerako “kirol” hau debekatzea baita gizonetan ere. Ea denok batera, gizon eta emakume, “kirol” basati eta pertsonaren kalterako den hori debekatzen saiatzen garen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen