Bordan Bizio: “Gogotsu gabiltza taldea jendaurrean erakusteko”

0
1491

Bordan Bizio taldeak bere Arrasateko lehen kontzertua eskainiko du ostiralean, Monteazpiko Terrazan, Txerrikumeak aretxabaletarrekin batera. Garagartzan sortutako taldea Unai Etxenausia ahotsak, Jokin Errasti gitarra eta ahotsak, Imanol Iria baxu eta ahotsak, Andoni Lasaga gitarrak eta Oihan Uribarren bateriak osatzen dute. Mondraberrik azken honekin taldeari buruz hitz egiteko aukera izan du.

Noiz sortu zenuten taldea?

Talde hau beste baten jarraipena da, Repelenciaren jarraipena. Kide batzuk taldea utzi, eta kide berri batzuk etorri ondoren, izena aldatzea erabaki genuen. Musika estiloa ere aldatu dugu, Rocka eta Punkaren arteko musika egiten dugu.

Taldea duela urtebete sortu genuen, baina Covid-ak eragindako egoeragatik atzeratu egin zaigu aurkezpen kontzertua. Aurreko asteburuan azkenean egin genuen aurkezpena, Aramaion Eguzkierripa jaialdian.

Nola antolatu zarete entseguak egiteko?

Konfinamenduaren garaian ezin izan genuen entsegurik egin. Lagun baten etxean akustikoak egiten hasi ginen, baina baimena izan arte lokaletan entseguak egiteko ez gara elkartu, gure lokalean Garagartzan.  Emanaldi batzuk eskaintzeko zuzenekoa prestatu dugu, eta kontzertuei ekin diegu. Ostiralekoa gure lehen kontzertua izango da Bordan Bizio moduan Arrasaten.

Zer sentitzen duzue zuen herriaren aurrean lehen kontzertua ematean, batez ere San Juanetan?

Gogotsu gabiltza taldea jendaurrean erakusteko, eta espero dugu hasiera baino ez izatea, kontzertu gehiago eman asmo baitugu. Oso pozik gaude Txosna Batzordearekin Arrasateko taldeei emandako aukerarekin, kanpoko taldeak ekarri beharrean. Ostiralean egurra emango dugu.

Disko bat grabatu nahi duzue?

Orain arte lau abesti prestatu ditugu, baina beste bost abesti berri bukatzear ditugu. Gure asmoa da disko bat aurrerago kalera ateratzea. Lehenengo bi abestiak grabatuko ditugu Bilboko estudio batean, Bordan Bizioren aurkezpena izango direnak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen