Bono-denda eta digitalizazio ikastaroa eskainiko ditu Udalak

0
677

Kontsumitzaileendako bono-dendara guztira 33.000 € bideratuko ditu, eta merkatarientzat mugikorrarekin argazki eta bideo ikastaroa eskainiko da.

Beheko testua: Udala / Argazkia: MB artxiboa.

Eusko Jaurlaritzak sustatuta jarriko da martxan aipatu kanpaina eta Arrasateko herriari dagozkion bono kopuruari beste 3.000 bono gehiago gehituko zaizkio, Udalak finantzatuta.

Herriko merkataritza indartzeko, bono kanpainaz gain, merkatariei zuzenduriko ikastaro bat ere egingo da Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin elkarlanean, mugikorrarekin argazkigintza eta bideogintza jorratzeko.

Tokiko merkataritzak eragin zuzena du herri zein eskualde baten garapen sozio-ekonomikoan eta ez hori bakarrik, baita herri baten bizitasunean zein bizimoduan ere.

Horren jakitun izanik, Arrasateko Udalak apustu irmoa egiten du tokiko merkataritzaren alde eta horri lotuta, sektorea indartzeko bi ekimen bultzatuko ditu orain, Eusko Jaurlaritzak sustatutakoa bata eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin elkarlanean bestea.

Bono-denda 2023 kanpaina

Gezurra badirudi ere, Eguberriak gero eta gertuago ditugu eta kontuan izanik aurretik ditugunak kontsumo handiko aste zein hilabeteak direla, azaroan martxan jarriko da Bono-denda 2023 kanpaina, tokiko saltoki txikiak babestu eta bultzatzeko eta, aldi berean, tokiko
kontsumoa ere bultzatzeko.

Izan ere, Bono-denda kanpainak onura bikoitza dakar: batetik, kontsumitzaileek 30 euroko erosketa eginda 20 euro ordaintzen dituzte, eta, horrenbestez, 10 euroko deskontua jasotzen dute eta bestetik, herriko saltokietan erosketa eginez, denda edo komertzio txikiei laguntzen die.

Kasu honetan, guztira, 5 milioi euro banatuko dira bonuetan Euskadin, eta horietatik 1,65 milioi Gipuzkoan. Arrasateren kasuan, gainera, herriari egokitutako bono kopuruari beste 3000 bono gehiago gehituko zaizkie, Arrasateko Udalak finantzatuta (30.000 euroko
aurrekontuarekin).

Merkatariek urriaren 11tik 20ra arte izango dute kanpainara atxikitzeko epea. Herritarrek halaber, azaroaren 8tik abenduaren 5a bitartean erabili ahal izango dituzte bonoak.

Informazio gehigarria jasotzeko soporte@bonoconsumo.es edo comercio@camaragipuzkoa.com helbidera idatzi daiteke, baita 943 000 308 telefonora deitu ere.

Digitalizaziorantz urratsa emateko ikastaroa

Horrez gain, merkatariei zuzenduriko ikastaroa ere eskainiko da, kasu honetan argazkigintza eta bideogintza mugikorrarekin ardatz izango dituena.

Ikastaroa urriaren 23an hasi eta azaroaren 22an amaituko da. 16 orduko ikastaroa izango da eta horren bitartez, parte-hartzaileek mugikorra argazkiak ateratzeko tresna gisa ezagutzen, argiztapeneko eta konposizioko oinarrizko irizpideak maneiatzen, argazki saio bat antolatzen eta argazkiak mugikorrarekin editatzen ikasiko dute, baita bideoak egin eta editatzen eta sare sozialen ikusizko joerak ezagutzen ere.

Ikastaroa Kulturaten egingo da 14:00etatik 16:00etara astelehenetik asteazkenera. Hau da ikastaroaren egutegia: urriak 23, 25, 30 eta azaroak 6, 8, 13, 20 eta 22.

Izena emateko ondorengo esteka bete edo formacion@fmg.es helbidera idatzi edo 688 86 26 20 / 943 425 557 telefonoetara dei daiteke.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen