10 urte dira boluntarioak Harreman Dendan lanean hasi zirela. Pertsona hauei guztiei aitortza egingo die zapatuan. Egun berean, Zapatuko Azokan parte hartuko du txokolate dastatzearekin.
Beheko testua eta kartela: Harreman Denda.
Beste behin, HARREMAN DENDATIK, Bidezko Merkataritzak mundu justuago bat eraikitzeko duen indarra adieraztera gatoz, datorren urriaren 16an, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko egunaren harira antolatuko dugun ekitaldi berezian.
Alde batetik, baserritarren azoka aprobetxatuta, TXOKOLATE DASTAKETA eskaini eta Bidezko Merkataritzako produktuak salgai jarriko ditugu Sebero Altube plazan goizeko 11:00etatik aurrera.
Eta bestetik #harremandendako BOLUNTARIOEI OMENALDI XUMEA egitea da gure asmoa. Aurten urteurren oso berezia betetzen da #harremandendarentzat. Hamar urte dira dendan boluntariotza lana hasi zela. Urte guzti hauetan zehar ibilitako lagunen eta gaur egun dabiltzanen lan eskuzabalari esker, Arrasateko dendak Bidezko Mrerkataritzaren erreferentzia izaten jarraitzen du gure bailaran.
Beraz, BOLUNTARIO GUZTIEI eskerrak eman eta euren lana ezagutaraztea izango da gure helburua. Horretarako, 13:00etan egingo dugun TALDE ARGAZKIRA dei egiten dizuegu.
Horrez gain, boluntario berriak erakartzeko kanpaina ere abiaraziko dugu “Egin zaitez #dendakide” lelopean.
#dendakide