Arrasate Aniztasun Talde Eragilea elikagai eta material bilketa egiten ari da Arrasaten, Ukrainako herritarrei laguntzeko. Antolatzaileek eskertu nahi dute Arrasateko herriak izan duen erantzuna. Dohaintza asko egiten ari direnez, boluntarioak behar dituzte jasotzen ari diren material guztia antolatzeko.
Halaber, jakinarazi digute oraingoz arropa-beharrak beteta daudela, barruko arropa termikoaren kasuan izan ezik, oraindik ere falta baita, une honetan Ukranian eguraldi txarra egiten duelako.
Bestalde, oraindik ere oso beharrezkoak dira janariaren eta higiene-produktuen dohaintzak. Janariaren kasuan, galkorrak ez diren produktuak eta kristalezko ontzirik ez dutenak behar dira, garraiatzen diren bitartean apurtu ez daitezen. Haurrentzako janaria ere behar da, hala nola, esne-hautsa.
Higiene-produktuen kasuan, gel, xanpu eta hortzetako pasta behar dira. Errefuxiatu gehienak emakumeak eta haurrak direla kontuan hartuta, emakumeentzako higiene produktuak ere beharrezkoak dira, hala nola, konpresak, tanpoiak, toallatxo hezeak eta haurrentzat pixoihalak. Botikin produktuak ere behar dira, hala nola, gasak, bendak, esparatrapua eta iodoa.
Oraingoz, Nafarroa Hiribideko lokaleko ordutegiak hauek dira: asteartean, martxoak 8, 10:00etatik 13:00etara eta asteazkenean, martxoak 9, 10:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era. Lagundu nahi duten guztiek harrera ona izango dute.
