“Boleiboleko lehiaketa jokatzeko ilusio handia genuen, eta ondo hasi gara”

0
453

Arizmendiko mutilen boleibol talde hau orain direla 3 urte sortu zuten. Jubenil mailan hasi ziren, baina ez dute lehiaketetan parte hartu orain arte. Euskal Ligan garaipen batekin estreinatu dira.

“Urte askotxo egin ditugu jokatzen baina lehiatu gabe, eta lehiatzeko oso gogotsu geunden – azaldu digu ekipoko entrenatzilea Ander Nuñezek-. Horregatik ilusio handiz ekin diogu ligari”.

Estreinaldiko partiduan Arizmendik 3 eta 1 irabazi dio Navarmutilak taldeari, larunbatean Aretxabaletako Ibarra kiroldegian. “Partidu ona egin genuen orokorrean – baloratu du Ander Nuñez entrenatzaileak – . Hasierako urduritasunak gainditu genituen, eta irabaztea lortu genuen”.

Aurrera begira, “oraingoz ez ditugu Euskal Ligako talde gehienak ezagutzen, baina uste dut gure taldea, besteekin oro har konparatuta, nahiko gaztea dela. Uste dugu kategoria zaila izango dela”.

Taldea 14 lagunek osatzen dute, eta horietatik 9 arrasatearrak dira, 3 bergarar, aretxabaletar 1 eta eskoriatzar 1. 18 eta 24 urte artean dituzte. Bestalde, koronabirusari dagokionez, entrenatzaile arrasatearrak azaldu du “ez digula eragin handirik izan”:

“Momentuz ez dugu taldean positiborik edo koarentenarik izan, baina asteburu honetan Iruñean jokatzekoa genuen partidua bertan behera geratu da, Nafarroan Covid-ak duen eraginaren ondorioz”. Senior kategoriako Euskal Ligan Kantabriako eta Errioxako taldeek ere jokatzen dute.

Bailara mailako senior talde honek adierazi du “entrenatzeko ordu gutxi ditugula, Aretxabaletako boleibol kantxa (bailaran egokia den bakarra) 15 taldek erabili behar dugulako. Kontuan hartzekoa da Arizmendiko 80 neska inguruk ere boilebolean dabiltzala, besteak beste, infantil, kadete, jubenil,… mailetan”.

Gaur egun “Aretxabaletan soilik entrena dezakegu eta etxeko partiduak joka ditzakegu, baina Arrasateko Kiroldegia berritzen eta handitzen denerako, eskatzen dugu boleibolerako kantxa egoki bat jartzeko. Nahikoa da boleibol zutoinak jartzeko bi zulo egitea, hain zuzen, tapatu daitezkeenak kantxa horretan beste kirol batzuk ere joka daitezen”.

Zailtasunak zailtasun, Arizmendiko mutilen taldeak etapa berri bat hasi du eta “oso pozik gabiltza”. Aupa Arizmendi!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen