Kulturateko ekitaldi aretoan belaunaldien arteko topaketa egin da gaur, eta Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako ikasleek eta Leintz Ibarreko adinekoek parte hartu dute. Jardunaldiak Bizitza Betea proiektuaren aurrerapenak aurkezteko balio izan du. Belaunaldien arteko loturak sendotzea eta adinekoen bizi kalitatea hobetzea helburu duen ekimena da, gazteekiko lankidetzaren bidez.
Joan den ikasturtean Arizmendi Ikastolak Helduak Adi! eta Bizipoz elkarteekin batera bultzatutako proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan du, Etorkizuna Eraikiz programaren barruan. Helburu nagusia da elkarri ikasteko espazioak eskaintzea, adinekoek beren beharrak eta ezagutzak gazteekin partekatu ahal izateko, gizarte inklusiboagoa eta solidarioagoa sustatzeko.
Ekimenak funtsezko hiru ardatzat
Bizitza osoa: Zahartze aktibotik haratago, adinekoen behar zehatzei erantzun nahi zaie, haien ongizatea bermatzeko.
Belaunaldiartekotasuna: Elkarrekin ikasteko espazioak sustatzen dira, non gazteak eta adinekoak lankidetzan aritzen diren adin guztietarako gizarte bat eraikitzeko.
Zerbitzurako ikaskuntza: Ikasleek komunitatean benetako eragina duten proiektu praktikoetan parte hartzen dute, beren prestakuntzarako funtsezko gaitasunak garatuz.
Hamabost tailer abian
Programaren parte gisa, Osasun Larrialdietako, Mikroinformatikako, Erizaintzako eta Gizarte eta Kirol Animazioko zikloetako (GIKAI) ikasleek adinekoei zuzendutako 15 tailer jarri dituzte abian. Jardueren artean daude, besteak beste, lehen sorospenei, tresna digitalen erabilerari, ongizate fisikoari eta erorikoen prebentzioari buruzko prestakuntza.
Saioak Arizmendi Ikastolak Ferixalekuan dituen instalazioetan egiten ari dira, baina eguneko zentroetara ere lekualdatu dira, hala nola Aita Menni, Atarte, GSR eta Jose Aranara, Eskoriatzan, mugitu ezin direnei prestakuntza hurbiltzeko.
Etorkizuna duen proiektua
170 adinekok baino gehiagok eman dute izena, eta proiektuaren harrera oso positiboa izan da, bai ikasleen aldetik, bai parte-hartzaileen aldetik. Erantzun ona dela eta, bultzatzaileek adierazi dute ekimen hori sendotu eta zabaldu nahi dutela etorkizunean.
Izena emateko epea zabalik dago oraindik, eta parte hartu nahi dutenek helbide honetara idatzi behar dute: adinarte@arizmendikide.net.









