Izen-ematea zabalik dago jada, eta lehiaketa irailaren 25 ospatuko da. Antolakuntza zabalik dago babesle ekonomiko berriei eta boluntario gisa lagundu nahi dutenei.
Irudia: Aritz Gordo – Antolakuntza.
Antolakuntzako Asier Rosado arrasatearrak baieztatu digu aurtengo berritasunetako bat: “Bizikleta elektrikoekin ere parte hartu ahalko da”.
Mendirako egokiak diren “edozein bizikleta elektriko erabili ahalko da, eta bizikleta hauen erabiltzaileek egingo dituzten ibilbideak beste parte-hartzaileen ibilbide berberak izango dira”.
Ohi denez, “bi tramu sekretuak izango dira. Denera lau jaitsiera egongo dira, eta horietatik bi lasterketakoak izango dira. Sekretupeko jaitsierak zein diren lasterketaren egunean bertan jakinaraziko ditugu”.
Izen-ematea jada zabalik dago eta orain arte “20 pertsona inguruk eman dute izena. Parte-hartzaile askok azken unera arte itxaron ohi dute, baina urteroko parte-hartzaileek ez dute hutsik egingo”.
Antolakuntzatik baloratu dute orain arteko azken edizioa estatu mailako lasterketa bat izan zela. Enduro txapelketa bat antolatzea denbora luzea eskatzen du, esaterako baso-bideak zabaldu behar direlako. Dirua ere ezinbestekoa da:
“Adibidez anbulantziek lasterketa kubritzea garestitu egin da, eta ekonomikoki urterik urte gero eta zailagoa da. Argi gera dadila guk ez dugula hemendik dirurik ateratzen”.
Lasterketa antolatu ahal izateko “Antolakuntza zabalik da diruz lagundu nahi duten guztientzat, eta azpimarratu behar da oso garrantzitsua dela kirol bat bultzatzea. Gainera, kontuan hartzekoa da babesle ekonomikoen semeak edota bestelako senideak bertan ibiltzen direla”.
Boluntarioak ere ongietorriak izango dira Antolakuntzara, eta horretarako gura duten pertsonek “harremanetan jar daitezela gurekin mesedez sare sozialen bitartez”. Ekitaldia irailaren 25ean ospatuko da, domeka.
Horrenbestez, Euskadiko Enduro Txapelketa aurten ere Arrasaten jokatuko da.