Bere auzokideek esker onez omenaldia egin zioten, urtetan zehar auzoaren alde egindako lanagatik, 2010eko San Migel jaietan.
Argazkia: MB artxiboa.
Bitoriano Etxagibel Urizar Garagartzako Iturralde baserrian jaio zen 1936. urtean, Ahotsak.eus egitasmoari azaldu bezala.
Ama Arrazolako Iturritze baserrikoa zuen eta aita Franzisko etxekoa. Zortzi anai-arreba ziren, eta Garagartzako eskolan hasi zen 5 urtez, Ciriaco Jauregi maisuarekin.
10 urtera arte joan zen eskolara, baina gau-eskolan urte askotan ibili zen Ciriaco berarekin. Zerrajeran 8 hilabete eta Roneoko Inprentan beste 3 urte lan egin ostean etxera bueltatu zen, baserritik bizimodua atera guran.
Azkenean, 30 urterekin ULGORren sartu zen eta bertan lan egin zuen jubilatu arte. Aizpurutxoko Etxebarri baserriko Jesusa Alberdirekin ezkondu zen, eta sei seme izan zituzten.
Bitorianok Garagartzako auzo-alkate jardun zuen hainbat urtetan zehar, eta bere auzokideek, esker onez, omenaldia egin zioten 2010eko San Migel Jaietan.
Ekitaldian gorazarreko txapela jantzi zioten, besteak beste. Goiko argazkian, auzo elkartean ageri da, Lezetxikiren inguruko margolan baten ondoan.
Bitorianok herrigintzan ere memoria historikoaren aldeko Intxorta 1937 elkarteari lagundu zion, gerrako lubakien kokapenak argituz.
Atzo, baina, 86 urte zituela zendu zen, eta azken agurreko elizkizuna gaur, zapatua, izango da arratsaldeko 17:00etan auzoko Mikel Deuna elizan.
Lehenago, familiak, gaur ere, Arrasate Berria tanatorioan (Araba etorbideko 3. pabilioian) hartuko zaituzte goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 15:00etatik 16:00etara. Gure doluminak familiari eta ingurukoei, lurrak goxo har zaitzala Bitoriano.