Biteriko karparen kanpoaldean pilaketa gehiagorik ez izatea eskatu du EH Bilduk

0
1483

Era berean, salatu du 2019ra arte EAJ-PNVko kargu baten “enpresa (Montai) berriro zuzenean kontratatu” duela Udal-gobernuak. Honek adierazi du, pilaketarik ez izateko, “herritarrek arduraz jokatu behar dutela” eta “Arrasatek arazoa gaindituko” duela.

Beheko bideoa: Udala / Goiko argazkia: MB Artxiboa.

Gaurko Udalbatzarreko galdera-eskaeren txandan, EH Bilduk bi gai jarri ditu mahai gainean. Honen inguruko adierazpenak ikus-entzun ditzakezu ondorengo bideoan. Gai bat Gabonetako Biteriko karparen ingurukoa da, bideoaren 02:21:20 segundotik aurrera ikus-entzungai:

Kepa Urteaga (EH Bildu):

Lotsagarria deritzogu Montai enpresa zuzenean kontratatzea, aurrez Arrasaten enpresa berari egindako kontratua kontuan hartuta.

Lotsagarria ere karparen inguruan izandako jokabide batzuk ere. Aurreko asteburuko ekitaldietan karpa barruan neurriak bete egin dira, hein batean. Baina badakigu Osakidetzak Udalari eskatu diola neurri gehiago hartzeko, aireztapena esaterako. Alkateak onartu ei ditu.

Baina, hortaz gain, karpatik kanpo aurreko asteburuan jendetza batu da, non daude hori saihesteko herri honetako udaltzainak? Udalak ezin die herritarrei eskatu PCRak egin ditzatela, eta gero hau ez betetzea.

Herritarrei ere mezu bat adierazi nahi diegu: kultur-ekitaldiak bai, baina mesedez argi izan ditzagun babes-neurriak. Bestela besteen bizitzak arriskuan jartzen dira, eta bizitzak galtzen ari dira. Adibidez zinegotzi baten amaginarreba.

Alkateari galdetzen diogu ea zergatik daukan Arrasatek halako tasa altua? Zergatik ez diozu Jaurlaritzari neurri bezeriak eskatu? Adibidez Ordiziako Udalak eskatu dio udalerriko perimetro itxita mantentzea.

Xabier Lapitzekin eta Onda Vascan medailatxoak jarri dituzu, baina ez duzu benetan sinesten laguntza horietan.
Ostalariek zurekin hitz egin ahal izateko, Herriko plazan akanpada bat egin behar izan dute. Lurralde mailako hedabideetan medailatxoak jarri dituzu. Herriari zuzentzeko bide egokiena duzu honakoa.

Maria Ubarretxena alkatea (EAJ-PNV):

Guk ardura daukagu, eta ez naiz gai politikoetan sartuko. Arrasateko egoerak eskatzen digu elkarlana, ez ika-mika politikorik.

Baheketa masiboa martxan jarri dugu, eta bi adituk azaldu digute hedapen komunitario bat egon dela. Guk uste dugu herritarren jokabide aproposarekin (gehienak hala egiten ari dira) ziur Arrasatek hau gaindituko duela.

Anuska Ezkurra (EAJ-PNV):

Muntairen egindako kontratuak legeazkoak dira. Karparen barruan distantziak mantentzen dira, eta eskerrak ematen dizkiegu Santamas Komisiñuari, Ibai-Arteri, Txatxilipurdiri,… asteotan egindako elkarlanagatik.

Herritarrei dei egin nahi diegu karpa barrura sar daitezela soilik txartela baldin badute, eta besteak ez daitezela pilatu kanpoaldean. Arduratsuak izan gaitezen.

Kepa Urteaga (EH Bildu):

Ez nenbilen ika-mika politiko bila, zuk herriari hitz egiteko toki hau da egokiena. Karpa barruan gertatzen dena Udalaren ardura da. Bestalde, eragileek ekitaldien baimenak lortu behar dituzte, beste lan batzuen artean, baina karpa kanpokoa Udalari dagokio.

Ez nabil eskatzen udaltzainek porra erabili dezatela, baina esan behar da asteburu osoan ez direla karpara gertutaratu. Ertzaintza, ordea, Gaztetxearen aurrealdean egon da.

Bestalde, errege-kabalgata ez da egingo, baina onartu duzue erregeak karpan egotea eta jendetza sartu ahal izatea, beraiei kartak emateko-edo. Orain arteko karpa kanpoko pilaketak errepikatuko dira. Mesedez birpentsatu holako ekitaldi bat baimendu aurretik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen