Bisita historikoak, mendi-ibilaldiak,… izango dira udaberrian Udalarekin

0
518

Udaberriko turismo eskaintzaren liburuxka argitaratu du Arrasateko Udalak. Ekitaldi-sorta martxo bukaeratik ekain amaierara egingo da.

Argazkia eta beheko testua: Arrasateko Udaletik.

Udaberriko turismo eskaintza eman du ezagutzera Arrasateko Udalak aste honetan. Eskaintza adin guztietako pertsonentzat irekita dago, eta tartean daude familian egiteko aukera eskaintzen duten planak.

Hiru atal nagusi aurki daitezke turismo eskaintza: bisita historiko-kulturalak, mendi ibilaldiak eta bestelako eskaintzak, besteak beste kirola, kultura eta jaiei lotutakoak.

Bisita historiko-kulturalak Aste Santuko opor egunetan “Arrasate hiribildu bizia” bisita gidatuak eskainiko dira martxoaren 28 eta 29an eta apirilaren 20an. Herriko ondare historiko kulturala eta Arrasateko ondare eta jatorri industriala ezagutzeko bisita entretenigarriak eskainiko dira. Bertako jai eta ohituren kontakizunak eta Arrasateko pertsonaia famatuen bizipenak entzuteko aukera izango da.

Bestetik, Arrasateko industria ondarearen bisita gidatuan, industrializazioak XX. mendean utzitako hirigintza iraultza berriaren eragin ezagutuko da ibilbide honetan, hainbat eraikin eta istorio ezagutuz. Bisita martxoaren 30ean izango da.

Mendi-ibilaldiak

Inguratzen gaituzten mendietara irteerak ere antolatu ditu Udalak udaberriko eskaintzan. Irteera guztiak familian egiteko aukera eskaintzen dute, txikienek ere naturaz goza dezaten.

Martxoaren 31n Arrasateko auzoetara bisita egingo da, Aste Santuetako opor egunetan hau ere. Ibilbide honetan Arrasateko Meatzerreka, Udala eta Garagartza auzoak mendiz lotuko dira, “Arrasateko bira” ibilbidea jarraituz.

Apirilaren 21ean Murugaini bira egiteko proposamena izango da, aipatutako mendiari buelta emanez Untzilla eta Suñan zehar.

Maiatzaren 5ean Bakue-Kortaburu-Etxezarreta ibilbidea burutuko da. 10,5 km-ko ibilbidea da, eta Arrasate eta Oñati arteko mugan zehar Kortaburu (484 m) tontorrera igoko da lehendabizi, ondoren Etxezarreta parkera jaisteko eta herrigunera itzultzeko.

Maiatzaren 19an Udala-Gongetako Meatza-Besaide ibilbidea egingo da. Ibilbide honetan, Gongetako meatzeak bisitatuko ditugu, antzinako burdin meatzeak. Handik Besaidera joango gara, eta han hildako euskal mendizaleen oroimenez eraikitako monumentua ikusiko dugu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako mugek bat egiten duten tokian.

Santagedaatx irteera egingo da ekainaren 2an. Erraz egin daitekeen ibilbide honetan, Gesalibar auzoaren gainean dagoen Santagedaatx tontorra (414m.) igoko dugu.

Azkenik, ekainaren 16an, Bedoña-Larriño ibilbidea egingo da. Ibilbide hau errege bidetik doa, Asuelatik pasatuz Bedoña auzora. Hemendik Zubillaga aldera jaitsiko da Uretsako iturrietara, eta ondoren, Aretxablaetako Larriño auzoa igaroko du Bedoñara itzuliz. Hemendik herrigunera jaitsiko da.

Bestelako ekintzak

Bestelako ekintza zabalak jaso dira udaberriko turismo eskaintza honetan. Besteak beste kirol-lehiaketa ezberdinak (Arrasate-Udalatx, Musakolako BTT martxa, Rugbi txapelketa edo Enduro), auzoetako jaiak, azokak edo eta egun bereziak, eta, azkenik, eskaintza kulturalak besteak beste, dantzari eguna, Debagoieneko trikitixa eguna, klarinete topaketa edo eta musikaldia.

Izen-emateak

Bisita historiko-kulturalak eta mendi ibilaldiak doakoak izango dira, eta izena eman beharko da izenemateak.arrasate.eus atarian, BAZen edo 943 252 000 telefonoan.

Deskargatu hemen Udaberriko Turismo Eskaintzaren liburuxka.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen