Bisita gidatuak, hitzaldiak eta tailerrak antolatu dituzte ‘Lezetxiki: neandertalen lurraldea’ erakusketaren inguruan

    0
    469

    Abenduaren 17tik aurrera abian da Kulturateko klaustroetan ‘Lezetxiki: neandertalen lurraldea’ erakusketa, Arrasate Zientzi Elkarteak antolatua. Erakusketa honek 80 pieza ditu, horietako batzuk munduan bakarrak. Erakusgai dauden piezak Herriko Koban eta Lezetxikin aurkitutakoak dira, beraien artean ur beroko maskorrekin egindako pieza bitxiak eta Gibraltarren bizi diren makakoen hezurrak. Erakusketa apirilaren 9ra arte egongo da zabalik.

    Bisita gidatuak

    Erakusketari bultzada bat emateko asmoarekin, hainbat jarduera antolatu dira erakusketaren inguruan. Erakusketetatik 1.500 pertsona inguru pasatu diren arren, antolatzaileek bisita gidatuak antolatzeko beharra ikusi dute “bisitariek erakusketari ahalik eta etekin handiena ateratzeko. ” Horretarako, Erik Arebalo gasteiztar arkeologoa kontratatu dute.

    Bisita gidatuak ostegunero egingo dira, otsailaren 10etik apirilaren 9ra, erakusketa itxi arte. Ordutegia arratsaldeko 18:30ean izango da. Taldeak gehienez 20 pertsonakoak izango dira eta interesatuak Arrasateko Udalaren web orriaren bidez apuntatu ahal izango dira.

    Gainera, une honetan, inguruko ikastetxeak erakusketara bisita gidatuak egiten ari dira. Bisita horiek urtarrilaren 25ean hasi ziren, eta interesa duten ikastetxeak oraindik garaiz daude AZErekin harremanetan jartzeko, Arrasateko Udaleko Kultura Sailaren bidez.

    Hitzaldiak

    Gainera, hiru hitzaldi antolatu dituzte Kulturateko areto nagusian. Lehenengoa otsailaren 21ean izango da, arratsaldeko 19:00etan, eta Maria Martiñon Torresek eskainiko du, Burgosko Gizateriaren Museoko Giza Eboluzioaren Ikerketarako Zentro Nazionaleko zuzendariak. Hitzaldia ‘Neandertalak: beste espezie adimentsu baten erretratu biologikoa’ izango da.

    Bigarren hitzaldia martxoaren 23an izango da arratsaldeko 19:00etan. Hizlaria Maria Jose Iriarte Chiapusso Ikerbasqueko kidea izango da. Azkena, apirilaren 5ean, arratsaldeko 19:00etan ere, erakusketaren komisarioa Alvaro Arrizabalaga EHUko katedratikoak eskainiko du.

    Erakusketa eta tailerra

    Otsailaren 12an eta martxoaren 26an, goizeko 11:30ean Zaldibarko frontoian, historiaurreko teknika eta lanen erakustaldia eta tailerra egingo dira Jose Julian Marquezen eskutik. Elgoibartarrak hainbat  harri mota  eta hezur  zizelkatzen ditu. Gainera, azagaia eta propultsatzaileekin jaurtiketak eta sua nola egin erakutsiko du.


    ERANTZUN BAT UTZI

    Zure iruzkina utzi, mesedez!
    Sartu zure izena hemen