Bingen Errasti: «Ematen dizuten aukera bakoitza aprobetxatu behar duzu eta, irribarre batekin, aurrera egin»

0
4172

Argazkiak: MONDRABERRI eta Aitor ARRIZABALAGA/ACB PHOTO

Lesio batek –bosgarren metatartsianoa hautsi zuen orain hiru hilabete inguru– pixka bat ilundu duen arren, Bingen Errasti arrasatearraren denboraldia izugarria izan da. Normalean formakuntza taldearekin aritu bada ere, Bilbao Basketeko lehen taldearekin lehen minutuak izan ditu eta Eurocupeko txapeldun izandako taldearen partaide izan da. Elkarrizketa honetan «ametsezko» kurtso honetan bizitako esperientziak kontatu dizkigu.

Denboraldia ia ezin hobea dela esan genezake.
Bai, azken lesio hau kenduta, urtea oso-oso polita izan da.

Hasieran jarritako helburu guztiak, nik uste, bete dituzula?
Bai, hori da, txikitatik amestu dudana da profesionalekin jokatzea eta oraindik ezin dut esan profesionala naizenik, bai ari naiz laguntzen talde profesional batean. Gero, gainera, titulua irabaziz ametsak egi bilakatu dira.

Ez duzu zure burua profesionaltzat hartzen, baina bai zabiltzala profesional artean, jokatzen eta entrenatzen.
Bai, hori da, taldeari laguntzen ari naiz eta nire laguntza behar dutenean ni prest nago beti.

Saskibaloian gutxi zarete lehen mailan debuta egitera heltzen zareten euskal herritarrak.
Hori da, ni Bilbora joan nintzenean ez nuen pentsatzen honaino helduko nintzenik, eman didaten aukera aprobetxatu dut eta zuk esan bezala euskaldun oso gutxi daude eta ni horietako bat izatea oso polita da.

Nola gogoratzen duzu debutaren eguna?
Nire lehen partida horretan sei segundo jokatu nituen Europan eta esan zidatenean jokatzera joan behar nuela nerbio dezente izan nituen, baina beti nengoen irteteko prestatua eta oso pozik.

Nork edo nola esan zizun lehen partida hori jokatuko zenuela?
Partidara joan behar nuela bigarren entrenatzaileak esan zidan, gero kantxan Ponsarnauk esan zidan defentsa bat egiteko eta hala izan zen debuta.

Ajeak pasata, Eurocupeko finala eta ondorengo ospakizunak latzak izango zirela pentsatzen dut, nola oroitzen dituzu?
Oso-oso polita izan zen bai. Finalean aulkitxoaren ondoan egon nintzen lesioagatik ezin nuelako jokatu, baina ederra izan zen oso. Gero hurrengo egunean, Bilbo autobusean zeharkatu genuenean zerbait sinestezina izan zen.

Finala joan zen eran, pena finalean segundo batzuk ezin jokatzea, zuk gehien jokatu duzun txapelketa izan da.
Bai, normalean bigarren taldean aritu naiz, baina lesio honengatik denboraldia amaitu da niretzat, baina pozik ze azkenean jokatzeko aukera eman didate eta hori ederra izan da.

Oso gutxik egingo zuten debuta lehiaketa batean, lehiaketa hori irabaziz.
Ez dakit nire taldekideen artean inork halakorik egingo zuen, baina lehen esandakoa, ematen dizuten aukera bakoitza aprobetxatu behar duzu eta pozik eta irribarre batekin, aurrera egin.

Lesionatuta zaudela esan didazu, luzerako daukazu?
Bosgarren metatartsianoa hautsi nuen duela hiru hilabete eta dagoeneko berriz entrenatzen hasi naiz baina dagoeneko denboraldia ACB ez, baina nire taldearena amaituta dago.

Jaume Ponsarnauren inguruan galdetu nahi nizuke, ematen du zutik erori dela Bilbon, saskibaloian ez da ohikoa entrenatzaile batek talde berean hainbeste denbora ematea.
Harremana oso ona da, arazoren bat edo zerbait baduzu, bera beti dago laguntzeko prest eta gero, saskibaloiari begira ere, edozer zalantza badaukazu, beti dago hor argitzeko. Ikusten den bezala, pertsona oso jatorra da, beti laguntzeko prest.

Zuretzat entrenatzaile berezia izango da, dudarik gabe.
Bai, ze azkenean 18 urteko gazte bat izanda profesionalekin entrenatzean laguntza pixka bat behar duzu, eta bai bera eta bai beste entrenatzaileak beti daude laguntzeko prest. Eta hori beti da berezia.

Formakuntza Liga ligan aritu zara gehien, lehen aldiz jokatu da, nolako esperientzia izan da?
Ba oso polita ze, azkenean, nire esperientziagatik, euskal mailan jokatzen genuen eta gero urtean torneo bat Espainia mailan. Horko maila zen bezalakoa zen eta oraingo ligarekin Espainia guztiko jokalari gazte onenekin jokatzeko aukera daukagu eta azkenean nabari da. Esperientzia ere oso polita da.

Eta partida bat azken segundoan zure saskiratze batekin irabaztearena ere…
Hori bai ez nuela imajinatzen, baina nik uste txikitatik egindako esfortzuarengatik sari txiki bat dela.

Lesioaren aurretik, nolakoa zen zure egunerokoa?
Lesioaren aurretik egunerokoa zailagoa zen, goizetan eta arratsaldetan entrenatzen nuen normalean eta gero ACB eta Europarekin, egun batean Greziara joaten ginen, hurrengoan Georgiara… Ikasketak online egiten ditut eta azkenean ondo antolatu behar duzu, baina ondo antolatuta, nik uste denbora ematen duela.
Bidaietan, heldu, entrenatu, hurrengo egunean goizean entrenatu eta arratsaldean partida eta gero buelta. Eta Bilbon gaudela, buelta entrenatzera, ez dago atsedenerako asti askorik. Adibidez Georgiara joan ginen eta sekula ez nuen pentsatuko Georgian egongo nintzenik, esperientzia bereziak dira, ezbairik gabe.

Kanpotik ikusita, talde giro ona duzuela ematen du.
Bai, ni betiko lagunekin edo pertsonekin egon naiz orain arte, baina beste jokalariek esaten didate normalean ez dela halako giro onik egoten talde profesionaletan. Niri asko lagundu didate, 18 urte baino ez ditut.

Taldean badira, gainera, Darrun Hilliard bezalako, ibilbide oso luzeko, jokalariak.
Hori da, nik adibidez Bassala, taldeko gazteenarekin (17 urte) harreman handiagoa daukat, baina beteranoak ere beti daude laguntzeko prest.

Arrasaterekin lotura mantentzen duzu?
Bai, nire kuadrilla Arrasatekoa da, ahal dudan aste bukaera guztietan joaten naiz Arrasatera eta lagunekin egoten naiz, denbora aprobetxatu beharra daukat.

Ointxeren denboraldia jarraitu duzu? Mutil eta nesken lehen taldeetan oso ona izan da.
Bai, nire kuadrillako bik Ointxen jokatzen dute eta beti jarraitzen dut zer egiten duten.

Eta hurrengo urterako ze helburu edo asmo dituzu?
Oraintxe udan asko entrenatu, ondo osatu eta hurrengo denboraldian ea minutu gehiago-edo izaten ditudan. Lan egin eta ea sari gehiago datozen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen