Argazkiak: Juan Ramon Garai Bengoa, Intxorta 1937 kultur elkartea.
Berrogei urtean Intxorta 1937 Kultur Elkartea osatzen joan garenok gerra garai hartako gizon eta emakumeen biloben belaunaldikoak gara; gizon eta emakume haiek monarkia historiako zaborrontzira bidali zuten, eta aldaketa sakona bultzatu zuten pribilegiatuen eta gizartearen gehiengoaren arteko harremanetan, ordura arte zerbitzatzea baino ia eskubiderik ez zuena.
Euskal Herrian, gainera, prozesu hura bultzada garrantzitsua izan zen bere eskubide nazionalak lortze aldera, eta euskara errekuperatu eta duintzeko.
Belaunaldi hark, erabat jabeturik jokoan zer zegoen Estatuko botere faktikoek sustatutako kolpe militarraren aurrean, jakin zuen aurre egiten matxinatuei eta nazioarteko faxismoaren eta nazismoaren aliatuei.
Erresistentzia haietako bat Intxorta izan zen. Handik hartu genuen gure izena, etengabe gozarre egin guran muturreko egoeretan askatasuna eta demokrazia defendatu zituztenei.

Gerran beren ideiengatik hil eta errepresaliatu zituzten pertsonei gehitu behar zaizkie diktadura garaiko errepresio itzela eta gertatutakoaren gainean ezarri zen isiltasuna. Diktadorea hil eta gero, “desmemoria” ezarri zen Isiltasunaren Itunarekin. Kriminal frankistei amnistia eman zitzaien, inoiz ez ziren epaitu, eta Trantsizioan adostu zen ahanztea; horrela, eragotzi zuten Kausa Orokor bat martxan jartzea laurogeiko hamarkadan, oraindik bizirik zeudenean biktimak nahiz haien borreroetako asko.
Azken batean, Trantsizioa eraikitzeko erabili zen adostasunak errepresio frankistaren arduradunen zigorgabetasuna bermatu zuen, eta bertan behera utzi zituen errepresio frankista jasan zutenak.
Ikerketa lanek, isildutako pertsonen memoria berreskuratzeko, ahotsa itzultzeko eta kolpisten eskuetan jasandako giza eskubideen urraketa larriak aitortzeko, apenas izan zuten erakundeen babesik. Ez historialariek, ez unibertsitateek, ez udalek, ez zuten hartu zeregin hori. Are gehiago, langileak eta ikasleak elkarte memorialistetan antolatzen hasi ginenean isiltasuna hausteko eta aurreko belaunaldietatik jasotako zauriak sendatzeko, sektore politiko batzuek behin eta berriro esaten ziguten ez zela ireki behar lehengo zauririk. Baina gure asmoa zen geureak ixtea.
Berrogei urte geroago, esan dezakegu gure funtsezko ardatza izan dela egia bilatzea eta erreparazioa egitea. Pozik gaude milaka pertsonari laguntza eman diegulako, ausardiaz erantzun zuten-eta, testigantzak, oroitzapenak eta dokumentuak partekatu zituzten-eta, hainbat hamarkadatan gordeta egon zirenak beldurraren beldurrez. Haiei esker, isiltasuna apurtzen hasi zen. Pertsona haietako askok erreparazio bakar bat jaso zuten, gure errekonozimendua.
2002 urtera arte, hogeita bost urtean, indar politikoen zati handi batek, gerra galdu zutenen oinordekoak, beste aldera begiratzen jarraitu zuen.
Geroago, ez ziren bultzatu behar ziren erreformak Amnistiari buruzko Legea bezalako arauak indargabetzeko, haren indarraldiak zigorgabetasun guneak mantentzen lagundu baitu. Oraindik ere gaur egun garai hartako herentziak bizirik daude erakunde judizial, militar eta polizialetan. Horregatik, oraindik ere egin barik daude: batetik, justizia osoa eta, bestetik, berriro ez gertatzeko benetako bermeak
2026ko IRAILA: EGIAREN TOPAKETAK/ENCUENTROS CON LA VERDAD
Irailean Arrasaten egingo diren bederatzi ekitaldietan, “Egiarekin Topaketak” zikloaren barruan, EGIA, JUSTIZIA, ERREPARAZIOA ETA EZ ERREPIKATZEKO BERMEAK landuko eta hausnartuko ditugu.
“Bilobak” abestiarekin ireki dugu, memoria, errekonozimendua eta aldarrikapena batzen dituen proposamen gaztea. Dagoeneko hainbat plataformatan entzun daiteke eta hilaren 26ko omenaldian ere agertokian izango da. Peru, Martin eta Sabin Abarrategiren hitzak, Peio Uribetxebarria eta Oihan Uribarren konpositoreak eta Fane eta Anixesaranen ahotsek osatua.
Hitzaldietan Iratxe Urizar eta Josu Ibargutxi, Emilio Silva eta Mónica Jato, Rosa García Alcón eta Manuel Blanco Chivite, eta Sady Arenas Uriarte izango ditugu.
“40 urteko memoria partekatua” liburuan eta “40 urte egiaren eta justiziaren alde” erakusketan gure bidearen zati bat jasotzen dugu: lau hamarkadako ikerketa, zabalkundea, gizarte-mobilizazioa eta konpromiso kolektiboa. Lau hamarkada eman zituzten inoiz ahaztu behar ez ziren izenak, istorioak eta duintasunak berreskuratzen.
Eta irailaren 26an, Debagoieneko hildakoen eta desagertutakoen monolitoan, 18 izen berri jarriko ditugu. Izan ere, faxistek egindako giza eskubideen urraketak gogoratzea ez da iraganera soilik begiratzea: gure aurreko pertsona guztien, ahalegin komun horretan lagundu zutenen eta zeregin horretan jarraitu beharko duten belaunaldi berrien lana aitortzea ere bada.
Berrogei urte geroago, izenak jartzen, istorioak berreskuratzen eta egia eta justizia defendatzen jarraitzen dugu.
‘Bilobak’ abestiaren azken bertsoa:
“Segi hurbil
Hilez hile, astez aste
Lagun, kide
Senar edo emazte
Ahizpa, anai
Adineko eta gazte
Denok batuz
Baino ez gara gu aske”




