Azken urteetan, Bilbon eta Baionan antolatu den mobiliazioa bereziki garrantzitsua izan da; bertan, 100.000 herritar inguru batu izan gara preso eta iheslarien auziari aterabidea ematea aldarrikatu eta elkarbizitzaren eta bakearen alde urratsak emateko.
Aurtengo ezohiko egoera dela eta, Urtarrilaren 9an ezingo gara Bilbon eta Baionan elkartu. Horren ordez, bertan urtez urte batu garenok gure herri eta auzoetan elkartuko gara.
Urte garrantzitsu baten aurrean gaudela uste dugu. Salbuespen legediaren amaieraren aldeko gehiengo politiko, sindikal, instituzional eta sozialari, espetxe politikan Espainian zein Frantzian ematen diren aldaketak gehitu zaizkio. Oraindik bide luzea aurretik izan arren, emandako urratsak aintzat hartuta, Euskal Herritik bide horri bultzada ematea ezinbestekoa dela uste dugu. Hori horrela, benetan garrantzitsua deritzogu Urtarrilaren 9an Arrasatetik Bilbora joan izan garen guztiok, eta gehiago, Arrasaten elkartzea.
Arrasaten, arratsaldeko 17:00etan bi zutabe irtengo dira. Bat, Zigarrolako San Isidrotik eta bestea, Arimazubitik. Bi zutabeak Gipuzkoako etorbidean elkartuko dira eta 17:30ean bertan entzungo dugu Euskal Herri osoan batera irakurriko den idatzia.
Horrez gain, mobilizazio hauetan jaso izan dugun laguntza ekonomikoa ezinbestekoa izan da dispertsioak sortzen dituen gastuei aurre egiteko. Arrasaten autobus txartel sinboliko batzuk aterako ditugu, 5 eurotan, herritarron elkartasun ekonomikoa jasotzeko. Ea zenbat autobus betetzeko gai garen!
Salbuespen legedia amaitzeko, presoen etxeratzean urratsak emateko, urtarrilaren 9an etorri bidera, Elmako etorbidera.