‘Bizi bagina bezala’ diskaren barruan aurkitu daitekeen pieza honi behar zuen lekua eman dio NHILek, zuzeneko emanaldiaren irudiekin.
Testua: PromoSapiens.
LP berriko kolaborazioen artean, Lide Hernandok, Liher taldeko abeslariak, ahotsa jarri dio “Bilatzen oreka” kantuari.
Abestia konposatzen hasi zirenetik, taldekideek argi zuten abesti horrek Lide Hernando gogoratzen zuen zerbait zuela eta bere ahotsak presentzia izan behar zuela bertan. Kantuaren melodiak, koloreak eta erritmoak Lideren ahotsarekin modu oso naturalean egin du bat eta emaitza borobila izan da.
Bizitzaren errutinak eta monotoniak askotan gure helburuen bidetik desbideratzen gaituzte, eta, are gehiago, lider ikusezin horien menpe gaudenean. Horren aurrean, gorputzak eta buruak lekuz aldatzea, bestelako bizitza erritmo batean murgiltzea eskatzen digu gogoak. Hala ere, gehienetan ezinezkoa izaten da eta hori da amildegiaren ertzean gaudela sentitzen dugun momentua, gainezka egiten dugun momentua eta zulo beltza ukitzen dugun unea. Hori guztia batu eta oreka bilatzearen prozesu konstantean murgilduko da entzulea
Bideokliparen irudiak BBB diskoaren aurkezpen kontzertukoak dira eta Beñat Abasolok egin ditu grabaketa eta edizio lanak. Bertan, taldearen esentzia eta nortasuna islatzen da zuzenekoaren irudiak eta kontzertuaren prestaketaren irudiak uztartuz.




