Bihotzekoen aurka, boluntarioentzat ikastaroa antolatu du Garaia PTak

0
733

Ekimen honen helburua da “PTGaraiak gune kardio-babestua sortzea”. Hartara, boluntarioen komunitate bat ehuntzen hasi da, izen-ematea ireki du eta ikastaroa martxoaren 21ean izango da.

Kartela: Garaia PT.

Arrasateko parke teknologikoak islatu duenez “urtero 17’5 milioi pertsona baino gehiago hiltzen dira mundu osoan gaixotasun kardiobaskularren ondorioz”.

Egun, espainiar estatuan “gaixotasun kardiobaskularrak dira lehen heriotza-kausa. Ospitalez kanpoko bihotz-biriketako geldialdiek 30.000 heriotza eragiten dituzte” urteko estatuan, eta “biziraupenaren batez bestekoa % 10ekoa da”.

Euskal Autonomia Erkidegoko larrialdi-zerbitzuek “hilean gutxi gorabehera ospitalez kanpoko 70 bihotz-arnas geldialdi artatzen dituztela uste da. Izan ere, bat-bateko bihotz-heriotza gehienak ospitale-ingurunetik kanpo gertatzen dira”.

Horregatik guztiagatik, “biziraupen handiagoa lortzeko modu bakarra biktimei tratamendu egokia eta goiztiarra ematea da, eta, horretarako, ezinbestekoa da herritarrek parte hartzea”:

“Geldialdi baten aurrean bizirauteko probabilitatea maximizatzeko, azkar eta eraginkortasunez erantzuteko gai den komunitate bat izan behar dugu”.

Ikerketek ondoriozatu dute “komunitatearen parte-hartzeak nabarmen hobetzen duela ospitalez kanpoko bihotz-biriketako geldialdiaren arreta”.

Hori guztia kontuan hartuta, Garaia PTak “lan-eremu seguru bat sortzeko konpromisoan” hitzarmen bat sinatu du Bexen Cardiorekin

Hain zuzen, proiektu honek “bizitza bat salbatzeko beharrezkoak diren ezagutzak emango dizkie boluntarioei”.

Dagoeneko zenbait pertsonak boluntario aurkeztu dira, eta izen-ematea zabalik dago. Boluntarioz osatutako kolektibo bati doako prestakuntza emango zaie, “Errealitate Birtuala aplikatuta, pertsona horiek jasotako ezagutza lan-espazioan edo beste edozein lekutan aplikatu ahal izan dezaten”.

Ikastaro hau Garaia PTko instalazioetan izango da, datorren martxoaren 21ean, “istripu kardiobaskularren tratamendu goiztiarrean trebatutako boluntarioen komunitate bat eraikitzea helburu”.

Beste xede nagusietako bat da “lan-eremu kardiobaskular babestu bat bermatzea”. “Lehenengo proposamen honek 20 pertsona prestatu nahi ditu”.

Informazio zabalagoa eta izen-ematea kontsultatu nahi izanez gero, sartu Garaia Parke Teknologikoaren webgunean.

Izen-ematea:

2022/03/21 10:00 – 13:00

2022/03/21 14:00 – 17:00

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen