Big Bandak kontzertu solidarioa emango du Fair Saturday-ren barruan

0
139

Ibai-Artek, Harremanekin elkarlanean, Black Arrasate ekimena jarri du martxan, udalerriko erosketak aldarrikatzeko. Aste honetan zehar, bidezko merkataritzako txokolatezko kakahueteen poltsatxoak banatu dituzte Ibai-Arteko dendetan erosketak egin dituzten bezeroen artean.

Zigor Martinez, Mugarik Gabeko Musikariekin elkarlanean aritzen den Arrasate Musikaleko Big Bandeko zuzendaria, bururatu zitzaion ekimen hau bihar ospatuko den Fair Saturday delakora zabal zitekeela. Dohain baten truke, kakahuete poltsatxo hauek Arrasate Musikaleko Big Bandak eta Gasteizko Big Bandak Herriko plazan emango duten kontzertura joango direnek eskuratzeko aukera izango dute. Jasoko den dirua Mugarik Gabeko Musikarientzat izango da. 2019an, Siriara bidali ziren instrumentuen bilketa egin zen Debagoienan.

Noiztik ari zara Mugarik Gabeko Musikariekin lanean?

Ia hasieratik. Mugarik Gabeko Musikariak duela 25 urte hasi zen. ‘Pintu’ arrasatearra Kubara joan zen eta ikusi zuen ez zutela biolinentzako sokarik eta argiaren kableak erabiltzen zituztela jotzeko. Zerbait egitea beharrezkoa zela pentsatu zuen eta horrela hasi zen. Garai hartan ni Gasteizko kontserbatorioan ikasten ari nintzen, kamisetak egin ziren, eta kontserbatorioko orkestrarekin bi urte eman genituen biran Mugarik Gabeko Musikarientzat dirua lortzeko. Urte batzuetan pixka bat deskonektatuta egon naiz, baina laguntza eskatu zutenean, baietz esan nuen. Eta azken urteetan haiekin lan egin dut berriro.

2019an Siriara bidaltzeko tresnak bildu zenituzten. Orain ere martxan duzue Cabo Verderako tresnen bilketa?

Siriaren kasuan arazo batzuk izan genituen instrumentuak bidali genituen lehen aldian helarazteko, baina siriar batekin batera joan ziren bigarren aldian ez zen arazorik izan. Bideo bat egin zuten bidali genizkien tresnak erabiliz iritsi zirenean.

Ekimenak funtzionatu zuela ikusita, iaz disko bat grabatu zen afrikar musikariekin elkarlanean, Afrikatik indarrez atera ziren afrikar esklaboen oroimena aldarrikatzeko. Eta orain, Cabo Verden, Afrikako esklaboak Amerikara bidali aurretik ateratzen ziren azken portua zena, orkestra bat egiteko ekimen bat jarri dute martxan, Askatasunaren Orkestra izenarekin. Horregatik, tresnak behar dituzte. Dagoeneko jotzen dakien jendea dago han, baina musikariek ere bidaiatuko dute haiei irakasteko.

Larunbatean tresnarik jasoko ez bada ere, zer egin behar dute dohaintza egin nahi dutenek?

Printzipioz, nirekin jar daitezke harremanetan, edo, bestela, Arrasate Musikalekin. Musika eskolan Mugarik Gabeko Musikarientzako txoko bat daukagu, eta bertan biltzen ditugu instrumentuak. Ni arduratuko naiz musika eskolan jasotzeaz edo, behar izanez gero, jasotzera joateaz.

Larunbateko kontzertura itzuliz, Nolakoa izango da ikusi eta entzungo dugun kontzertua?

Uztailean Gasteizen elkartu ginen Gasteizko Big Bandeko kide bat, Ion Apraiz eta biok, eta ideia ona iruditu zitzaigun bi Big Bandek jotzeko kontzertu bat egitea. Lehen aldia da elkarrekin entseatu gabe joko dugula, dena telefonoz egin dugu. Inprobisazio puntu hori ere gustatzen zaigu. Ez eraman dena prest.

Guztira 45 musikari elkartuko gara taula gainean. Haiek 20 musikari dira eta gu 25. Aurpegi berriak ere ikusi ahal izango dira gure bandan. Gasteizko Big Band taldeak musikari profesionalak ere baditu, beraz, beti izango dugu haiengandik eta haiek gugandik ikasteko zerbait.

Gustatuko litzaidake hemendik jendea animatzea bihar Herriko plazara hurbiltzera, poltsikoak diruz beteta eramatea kakahueteekin aldatzeko eta kontzertuaz gozatzeko gogo handiarekin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen