Harreman Dendak antolatuta, txokolate dastaketa ere egingo da Seber Altuben bertan. Kontuan hartu behar da azken urtean pobrezia larritu egin dela munduan “gerrak, energia eta klima larrialdiak bultzatuta”.
Beheko testua eta kartela: Harreman Denda.
Amaitu dezagun behingoz pobreziarekin. Beste urte bat gehiago, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna biziko dugu datorren urriaren 15ean, tamalez, humanitatearen gaitzik lotsagarriena den pobreziarekin amaitzeko gai ez garelako. Areago, azken urtean gora egin du pobreziak munduan, gerrak, energia eta klima larrialdiak bultzatutako elikagaien eskasia eta garestitzea dela eta.
HARREMAN DENDATIK, Bidezko Merkataritzak mundu justuago bat eraikitzeko duen indarra adieraztera gatoz, urriaren 15ean TXOKOLATE DASTAKETA eskaini eta Bidezko Merkataritzako produktuak salgai jarriz Sebero Altuben egingo den azokan.
TXOKOLATE DASTAKETAK, sentsibilizazioa du helburu. Kakaoa, urtero milioika dolar mugitzen dituen elikagai estrategikoa da. Dirutza guzti horren %5a inguru besterik ez zaie produktoreei heltzen, ordea. Gehienak Afrika eta Hegoamerikan bizi dira, esplotazio eta pobrezia egoeran; kakaoaren landa-eremuen kasuan, haur esklabutza ere ematen delarik. Ezin dugu horrelakorik onartu, nazioarteko eskubide oinarrizkoenak urratzen duen egoera baita.
Kontsumitzaile moduan, injustizia honen aurrean badaukagu zer esanik. Adibidez, Bidezko Merkataritzako produktuak hautatuz. Bidezko Merkataritzari esker, nekazariek kooperatibetan elkartu, soldata justuak jaso, eta esklabutza saihesten dute euren herrietako garapena bultzatuz. Horrez gain, irizpide ekologikoak lehenesten dira, kimikorik gabeko produktuak ekoitziz eta lur eremuen errekuperazioa bultzatuz.
Herritarrei azokara gerturatzeko eskatzen diegu. Mundu justuago bat lortzea posible da.