“Bidegurutze honen jatorrizko izena ‘Asuela’ da, ‘Sietecaminos’ ez”

0
2062

Inguruko baserritar batzuek begi onez ikusi dute bertan toponimoaren seinale bat jartzea. Izan ere, “oso garrantzitsua da bertako toponimoak errespetatzea eta ez galtzea”, azaldu du ekimeneko Joseba Garitaonaindia arrasatearrak.

Bidegurutze hau berez Zaldibar auzoan dago, eta hainbat leku elkartzen ditu tartean: Bakua, Txaeta (lehengo erregebidea, oñatiarrek ‘Altzati’ deiturikoa), Bedoña (Malbetik igarota), Antzartu-Auspobaltz ingurua eta Osina (eta Zaldibar auzoa osoa).

Leku hau izendatzeko “gure aitona-amonek ‘Asuela’ toponimoa erabiltzen zuten, eta belaunaldiz belaunaldi transmitutu egin da, ahozko kulturaren bitartez. Gu haurtzaroan hemendik sarri-askotan ibiltzen ginen”.

Alabaina, “industrializazioaren ondorioz, jendeak ‘cuatrocaminos’ deitzen hasi zion, gero ‘sietecaminos’ eta ondoren ‘zazpibide’ – adierazi du Joseba Garitaonaindia arrasatearrak – Alabaina, bidegurutze honen izena ez da horietako bat ere”.

“Gai honen inguruan bertako baserritarrekin berba egin izan dugu, eta eurek begi onez ikusi dute bidegurutzean ‘Asuela’ dioen seinalea jartzea”.

Horrela, Joseba Garitaonaindiaren lankide batek errotulua eskuz egin du, eta Josebak berak zurtoina landu du akazia egurrarekin.

Ekimen honen helburua da “herritarrek bertako izena ezagutzea, eta litekeena da jendeak ezezagutzagatik bestelako izena erabili izana. Bertako eta jatorrizko izenari ez zaio errespetu falta agertu behar”.

“Toponimo honek ez du galtzea merezi, eta erabiltzen badugu denboran zehar iraun egingo du”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen