Duela urtebete, Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak eta Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde-Antolamenduko diputatuak Kataideko bidegorria konponduko zutela agindu ziguten, obrari ekiteko epeak eta aurrekontua ere aurkeztu zituztelarik ohituak gaituzten argazki efektista horietako batean.
Egia da urte konplikatu honetan COVID 19ak hankaz gora jarri dituela asmo asko. Baina, hala eta guztiz ere, beste hainbat egitasmo urbanistikorekin aurrera jarraitu dute inolako erreparo eta zuhurtzia ekonomiko barik.
Duela urtebete ere esan nuenez, Arrasate da mugikortasun mailan okerren dagoen herria Debagoienean eta egiten diren hobekuntza gutxiak tantaka datoz.
Bada garaia mugikortasun plan orokor baten aldeko apustua egiteko, konplikazio gehien daukaten zonaldeetan behin-behineko neurriak proban jarriz, aurrerago behin betiko konponbideak ezartzeko. Pandemia honek garbi utzi digu orain arte eraman dugun bizimoldea aldatu behar dugula arlo askotan eta mugikortasuna da horietako bat. Agenda politikoan oinarrizko tokia izan behar du mugikortasun jasangarrian inbertitzeak, automobilaren aurrean lehentasuna emanez oinezkoei, bizikletadunei eta garraio urbanoari.
Erakunde publikoetan gaudenon betebeharra da, alde batetik, bide seguru eta erosoak eskaintzea eta, bestetik, herritarrak mugikortasun jasangarriaren onurez kontzientziatzea, guztion hoberako baitira. Ea urratsez urrats, baina berandu gabe, bidegorri duin bat daukagun Kataiden.
Hortik hasi daitezela eta utz dezatela ekobukebarraren propaganda eta marketing merke hori. Oso gaizki dago kataideko bidegorria, estua da, jendea eta bizikletak pilatzen dira, tunela arriskutsua da, eroskitik konexio txarra dauka….