Bidegik Udalari auzi-errekurtsoa jarri dio Osinaldeko obren harira

0
911

Bidegik 1’1 milioi euroko adjudikazio egin behar izan zion enpresa bati, Ziorlako lur kutsatuak bertatik eraman zitezen. Orain, Bidegik auzi-errekurtsoa aurkeztu du, eta epaitegiak Udalari jakinarazi dio epaitegira “agertu dadila”.

Argazkia: MB Artxiboa.

Ziorlako ‘balkoia’ izeneko eremuaren inguruan, Osinalde II eremuan, autopistako obretatik ateratako lur masa handi bat utzi zen.

Mondraberri egunkariak iaz jakin ahal izan zuen bezala, lur horien parte bat behintzat kutsaturik zegoen.

Lur horiek bertatik eramateko, Bidegik betelanak esleitu behar izan zizkion 1.184.326,97 eurotan (BEZ barne) Lasuen enpresari 2019ko uztailaren 19an. Lanak batez ere 2019ko udazkenean gauzatu egin ziren.

HAldundiko Bidegi sozietateak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu du epaitegian Arrasateko Udalaren aurka, obra horien “obra lizentzia bat zela-eta”, Udalak adierazi duenez.

Auzitegiak Udalari jakinarazpen bat helarazi zion, Udaleko Hirigintza Sailari zehazki, eta sail horrek Udal-gobernuari errekurtsoaren berri eman zion. Udal-gobernuak gai hau aurreko osteguneko bileran aztertu zuen.

Epaitegiak Udalari eskatu dio epaitegira “agertu dadila, eta horretarako abokatua eta prokuradorea izendatu” ditzala, Udal-gobernutik azaldu dutenez. Udal-gobernuak oraingoz ez du azaldu zein den auzi-errekurtsoaren arrazoia.

Egunkari hau Bidegirekin ere harremanetan jarri da Bidegiren ikuspuntua agertzeko asmoz, baina Bidegik ere oraingoz nahiago izan du adierazpenik ez egitea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen