Asteburu honetan Euskal Ligako 2. Mailako igoera fasea jarri da martxan eta, estreinaldiko jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek garaipena eskuratu dute etxean.
Testua eta argazkia: Isei Barbero.
Asteburu honetan Euskal Ligako 2. Mailako igoera fasea jarri da martxan eta, estreinaldiko jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek garaipena eskuratu dute etxean. Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak Iruñea hartu du Mojategin zapatu arratsaldean eta, sailkapen fasean egin bezala, mendean hartu du talde nafarra. Arrasatearrek lehenengo zatian bideratu dute neurketa, eta 26-0eko emaitzarekin joan dira atsedenaldian. Bigarren zatian ere jaun eta jabe izan dira, eta azken emaitza 57-0 izan da etxekoen alde.
Gipuzkoarren eta nafarren arteko lehia bero-bero hasi da eta, horren adierazgarri, bosgarren minutua bete baino lehen epaileak bi taldeetako jokalari bana kanporatu izana da. Etxekoen kasuan Manexek ikusi du txartel horia eta, ondorioz, 10 minutu egon behar izan da berdegunetik at. Hala eta guztiz ere Kanpanzar Arrasatek berehala hartu du aurrea markagailuan, 10. minutua bete baino lehen Santa Cristinak lortutako entseguari esker. Handik bost minutu eskasera Iparragirrek etxekoen bigarrena lortu du eta, aurrekoan ez bezala, oraingoan Arizaletak asmatu egin du transformazioa gauzatzerako orduan. Honenbestez, norgehiagokaren ordu laurdena betetzean markagailuak jada 12-0ekoa erakusten zuen Barrutiaren mutilen alde.
Abantaila horrekin, baina, etxekoak ez dira konformatu, eta Dolara kapitainak –Arizaletaren transformazioarekin- 19-0ekoa egin du erlojuak ordu erdia baino zertxobait gehiago markatzen zuenean. Bazirudien emaitza horrekin hartuko zutela bi taldeek aldageletarako bidea arauzko aurreneko 40 minutuak betetzean baina, azken txanpan, arrasatearrek entsegu berri bat egin eta 26-0ekoarekin eman du amaitutzat lehenengo zatia epaileak.
Atsedenalditik bueltan, zelairatu eta berehala, Kanpanzar Arrasatek errenta handitu egin du, oraingoan Danelen entsegua eta, nola ez, Arizaletaren transformazioarekin, zutoinen artean bidalitako laugarrena. Bigarren zatian sarrailagileek oraindik beste lau entsegu lortu dituzte, Potato, Santa Cristina eta Josebaren eskutik, azken honen kasuan alde bikoitzarekin. Gauzak horrela, amaieran Kanpanzar Arrasate nagusi 57-0eko emaitzarekin.
Sailkapen fasea amaitu bezala hasi du igoera fasea Kanpanzar Arrasatek, garaipen argia eskuratuz. Hurrengo asteburuan etxetik kanpo arituko dira Barrutiaren mutilak, iragan denboraldian mailari eusteko euren aurkari zuzen izandako Baztanen zelaian, hain justu ere. Lekarozetik emaitza positiboa ekarriz gero, aurrerapauso nabarmena emango luke 1. Mailarako bidean Kanpanzar Arrasatek.