Bi pertsona atxilotu dituzte ustez Bergaran lapurtzeagatik

0
990

Ertzaintzak jakitera eman duenez, altzairu-fabriketatik galdaketako materialak lapurtzen espezializatutako talde bat desegin du. Bergaran eta Elorrion denera 11 lapurreta egitea leporatzen die bi atxilotuei, eta beste biri eginbideak ireki dizkio.

Argazkia: Ertzaintza.

Aste honetan desegin duten taldearen helburua “enpresa metalurgiko handiak, galdaketan eta metalen aleazioan erabiltzen diren balio handiko burdinazko materialen deposituak zituztenak, ziren”.

“Zaintza presentzial gutxi izaten zutela aprobetxatuz, langileen lekua hartuta, eta kaskoak, maskarak eta eskularruak jantzita, sartzen ziren instalazioetan, elementu horiek lagungarriak baitzitzaizkien ezkutuan pasatzeko”.

“Kasurik gehienetan goizaldean jarduten zuten, txanda-aldaketak aprobetxatuz, barrutian inor konturatu gabe ibiltzeko. Gainera, enpresetako makinak, hau da, orga jasotzaileak, dibidietak eta bestelako baliabideak, erabiltzen zituzten lapurtutakoa mugitzeko. Gero, materiala furgonetetan garraitzen zuten”.

Ikerketa joan den “apirilean hasi zuen Ertzaintzak, Sestaoko Ertzain-etxeko mugapean jazotako gertaera baten berri izan zuenean eta urtarrilean Bergarako enpresa batean izandako 50 piezaren lapurretarekin lotu ahal izan zuenean”.

Ikerketaren ondorioz, “agenteek jakin ahal izan zuten furgoneta bat zegoela inplikatuta lapurreta honetan eta beste furgoneta bat Bergarako lapurretan”.

Kasuaz arduratzen ari ziren agenteek “egiaztatu zuten inplikatutako ibilgailuak eskualdatu egin zituztela, bat NANa lapurtu zioten titular bati. Modus operandi bera ezin izan zuten bigarren furgonetarekin burutu, gestoriak ez baitzituen zegozkion kudeaketak egin nahi izan. Ibilgailuen transferentzia horiekin susmagarrien identifikazioa zailtzen saiatzen ziren”.

Dena den, “ikertzaileek furgonetetako baten gidaria, polizia aurrekariak zituen 30 urteko gizonezkoa, eta taldeko beste hiru kide, 31, 26 eta 29 urtekoak, identifikatu ahal izan zituzten”.

Hain zuzen, “joan den apirilean identifikatu zituzten Iurretako enpresa baten inguruan zokomiran zebiltzanean. Ibilgailu barruan erreminta batzuk, eskularruak, zerrak, walkie-talkieak, buffak, linternak eta lapurretetan erabil zitezkeen beste hainbat objektu aurkitu zituzten, eta, gainera, 11.125 euro billetetan”.

Ikerketak aurrera egin ahala, “agenteek jakin ahal izan zuten talde antolatua oso espezializatuta zegoela era honetako delituetan. Ertzaintzak aurtengo urtarriletik maiatzera bitartean Sestaoko, Elorrioko eta Bergarako altzairu-fabriketan eta burdinazko materiala biltegiratzen den enpresatan egindako 11 lapurretatan parte hartzea eta beste bi kasutan lapurreta egiten saiatzea leporatzen diete. Lapurtutako materialaren balioa 176.000 eurokoa da”.

Agenteek herenegun (osteguna) atxilotu zituzten “taldeko bi kide, eta beste bi inputatu zituzten ikertu gisa”.

Atxilotuak “Ertzaintzaren egoitzara eraman zituzten zegozkion eginbideak betetzeko, eta, ondoren, agintari judizialaren eskuetan jarri zituzten”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen