‘Bi arnas’ dokumentalak hitzik gabe utzi ditu ikusleak

0
536

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, Arrasateko Udalaren eta Basque Childrenen laguntzarekin, antolatutako ‘Egiaren topaketak’ ekimenaren barruan, ‘Bi arnas’ dokumentala eskaini du Juan Arzamendi Musika Etxean. Dokumentala torturaren gaineko testigantza bat da, bidegabekeria baten isla eta sekula eskaini ez den elkarrizketa bat. Bi dira protagonistak: ama, Maria Nieves Diaz, eta alaba torturatua, Iratxe Sorzabal.

Aurkezpenean, Juan Ramon Garai Intxorta 1937ko kideak Jon Mikel Fernandez dokumentalaren zuzendaria eta Kima ekoizlea izan ditu lagun. Garaik gogorarazi du “87 urte igaro dira frankistak Arrasaten sartu zirenetik, oraindik ez dugu egia osoa ezagutzen, eta ez da justiziarik egin. Baina hori ez da gerra galdu zutenekin bakarrik gertatzen, baita azken 60 urteetan borrokan aritu diren eta torturatuak edo erailak izan diren jende askorekin gertatu dena ere. “

Azpimarratu du “Bizikidetzarako egia, erreparazioa, justizia eta berriro ez gertatzeko bermeak behar dira, eta biktima guztiekin egin behar da. Biktima guztiek eskubide berberak izan behar dituzte. Horregatik da lehen aldia, eta gure asmoa da datozen urteetan ‘Egiaren Topatetak’ ekimenean jarraitzea, gerrarekin zerikusia duten ekintzak egitea, baita, ondorengoarekin. Aurten Euskal Herrian nahiko gogorra izan den torturaren gaia sartu dugu, gaur ‘Bi arnas’ dokumentalarekin, eta ostegunean ‘Karpeta urdinak’ dokumentalarekin.”

Jon Mikel Fernandez dokumentalaren zuzendariak azaldu duenez, “1936tik aro garaikidean torturatzen jarraitu da Euskal Herrian, eta gerran gertatu zen bezala, torturarekin jarraitzen dugu, justiziarik eta erreparaziorik gabe, eta berriro ez gertatzeko bermerik gabe. Dokumentalaren helburua tortura modu generikoan salatzea zen, baina horretarako ama-alaba baten historiara jo genuen, Iratxe eta Marinievesen istorioa kontatzera. Argi uzten dugu gai orokorrak horrela jorratzean, historia pertsonalek potentzialtasun berezia dutela.”

Azkenik, Kima ekoizleak hartu du hitza. “Iratxeren lagunak garelako hasi ginen dokumentalarekin. Hasiera batean Iratxeren egoera salatzeko ekimena izan zen. Zorionez, dokumentalak indarra hartu zuen eta jende askok lagundu digu “.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen