Orain hiru linea daude lanean baina epe laburrean, beste hiru jarriko dira martxan eta horrela, produkzio ahalmena 20 milioi maskaretaraino handituko da hilean.
Testua, argazkia eta bideoa: TuLankide.
Gaur, ekainak 4, inauguratu du Bexen Medicalek maskarak egiteko martxan jarri duen planta berria, Etxebarrin (Bizkaia).
Bertan, anfitrioi lanetan aritu dira Carlos Arsuaga, Bexen Medicaleko gerentea; Iñigo Ucin MCCko lehendakaria; eta Juan Ángel García Ekipamendu Dibisioko lehendakariordea. Halaber, instalazioak bisitatu ondoren, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Denis Itxaso Euskadiko Gobernuko ordezkariak ere hartu dute hitza.
Lankidetza proiektua
Lankidetza publiko-pribatuko
proiektu bat da, Industria Ministerioak martxoaren erdialdera egindako
eskaera bati erantzuten diona, konfinamenduaren hasieran, eta nazio
mailako irtenbide bat ahalik eta lasterren bilatu nahi zuena, material
mota hori erostean beste herrialde batzuekiko mendekotasuna saihesteko.
Hasierako eskaera horrek, era berean, MONDRAGON taldean
interkooperazio-mekanismoak aktibatu zituen, makaren hornikuntza
nazionalari irtenbide bat emango zion industria-proiektu bat abian
jartzea denbora guztiz errekorrean proposatzeko.
Hiru linea automatizatuek milioi bat eurotik gorako inbertsioa ekarri dute, eta hilean 10 milioi maskara kirurgiko ekoitziko dituzte. Hurrengo sei hilabeteetan 60 milioi unitate fabrikatzera iristea da asmoa, merkatu nazionala kanpoko hornitzaileekiko mendekotasunik gabe hornitzeko, inportazioaren hornidura eta barne-kostu finkoa bermatuz.
Operazioan MONDRAGON taldeko hainbat kooperatibek hartu dute parte. Batetik, Bexen Medical, proiektua gidatu duena, eta maskarak fabrikatzeko eta ondoren merkaturatzeko behar diren makinekin eta lehengaiekin lotutako erosketa guztiak kudeatzeaz arduratuko dena. Bestalde, Mondragon Assembly, fabrikazio-lerro automatizatuak fabrikatzeaz arduratu den kooperatiba. Ekipoak Txinan diseinatu eta mihiztatu dira (Txinako filiala makina-mota horretan espezializatuta dago, eta bere hornitzaile-sarea %100ean zegoen martxan; Espainian ez zen horrelakorik gertatzen, Europako arau zorrotzenak eta CE markaren legeria betetzeaz gain), eta Madrilera iritsi ziren joan den apirileko hirugarren astean.
Lankidetza horretan hirugarren kide bat Cikautxo izan da. Bizkaiko kooperatiba horrek Etxebarriko instalazioak erabiltzeko aukera eman du -500 metro karratuko gela zuriarekin hornitua-, eta 26 pertsonari emango die lana proiektuaren fase honetan, urte honen amaieran Bexen Medical-eko instalazioetara eraman arte.
3 linea gehiago
Dagoeneko martxan dauden hiru
linea horiei beste hiru gehituko zaizkie, milioi bat eurotik gorako
inbertsio berriarekin. Lerroak instalaziora iritsi dira, eta orain
prestatzen ari dira, eta laster jarriko dira martxan. Hala, MONDRAGON
taldea estatu mailako maskara-hornitzaile nagusia izango da, eta hilean
20 milioi unitatetik gorako ekoizpen-ahalmena izango du. Proiektu honi
lotutako lanpostuak 55 lanpostu baino gehiago sortuko dira.
Bexen Medicali buruz
Oiarso, Bexen Medicalen
markarekin, egoitza nagusia Hernanin duen kooperatiba da, eta 40 urtetik
gorako esperientzia sendoa du osasun-sektorean. Enpresaren jarduera bi
negozio-multzo handitan oinarritzen da: Bexen Medicalen. Bertan,
erabilera bakarreko ospitaleko produktu medikoa merkaturatzen da. Bi
ekoizpen-instalazio ditu Hernanin eta Alegin, eta, urte-amaieran
Hernaniko instalazioak handitzean, 1.200 metro koadro areto zuri baino
gehiago izango ditu.
Egun, ospitale publikoen %98tan dago, eta estatuan nutrizio parenteralaren merkatuan liderrak dira.
Bestalde,
Bexen Bioservices negozio aitzindaria da, estatuan erreferentziazkoa,
eta lagin biologikoak kudeatzeko irtenbide integrala eskaintzen du. Gaur
egun, Hernaniko Biorrepositorio propioa du, eta beste bitan parte
hartzen du Santiagon eta Madrilen. Aurtengo fakturazioa 25 milioi
eurotik gorakoa izango da, 120 langile baino gehiagorekin.
Argazki gehiago: https://www.flickr.com/photos/tulankide/albums