Besaidek 1. aldiz emakume bat izendatu du lehendakari, Olatz Igartua

0
899

Berarekin batera Elene Markaide, Luis Mari Mendarozketa, Andoni Altuna, Arantza Mendarozketa, Imanol Ibarra, Ibai Errasti, Leire Balentziaga eta Agustin Zugastik osatzen dute Zuzendaritza Batzorde berria. Hala erabaki zuen atzoko Ohiko Batzar Orokorrak.

Azken lau urteetan Eñaut Iturbe lehendakari izan duen Zuzendaritza Batzordeak jardun du. Atzoko Batzar Orokorrari zegozkion gaiak jorratu ditugu berarekin ondoko elkarrizketan:

Zelakoa izan da 2022a Besaiderentzat?

2002 urtea berriro normaltasun egoera batera buelta izan da. Urteetan egin ohi izan diren ekintza guztiak egin ahal izan ditugu, eski irteerak, hileroko mendi irteerak… normaltasunez gauzatu dira eta horretaz gain, iaz egin beharrekoa zen AIBA mendi martxa ere aurrera eraman da.

Zelan baloratzen duzu azken 4 urteetako Zuzendaritza Batzordearen lana?

Lau urte hauek, gorabeheratsuak tokatu dira, 2019an hasi ginen Besaideko zuzendaritza batzordean eta 2020an pandemia iritsi zen. Hori dela eta, ohikoak ziren dinamika batzuk bertan behera utzi behar izan genituen, eski irteerak zein hileroko mendi irteerak. Hau ikusirik, Besaideko bazkideen artean inkesta txiki bat zabaldu genuen, zein beste ekintza burutu genitzakeen jakiteko. Bertatik irten ziren proposamenen artean, espeleologia, arroila jaitsiera, via ferrata zein eskalada ikastaroak antolatzea erabaki genuen.

Hortaz gain, aurrekontuan eski irteerek zein hileroko mendi irteerek zuten pisua beste ekintzetara bideratu beharrean aurkitu ginen. Hortik sortu zen, urteak buruan generaman ideia, gure herriko mendi kuttuna, Udalatx, balioan jartzeko dokumental bat gauzatzeari ekin genion. Aurten 2023an bukatzeko asmoarekin.

Kuotan aldaketarik izango da?

Iaz erabaki genuen 2023ko kuotak bere horretan mantentzea, eta atzoko batzarrean erabaki genuen 2024ko kuotak ere aldaketarik ez izatea.

Zein pertsonak osatzen dute Zuzendaritza berria?

Lau urteren ondoren Besaideko zuzendaritza batzordea berritzeko momentua iritsi da. Ekipo polita sortu da zuzendaritza batzorde berrian eta aurrenekoz Besaideko lehendakaria emakumezkoa izango da. Gogoekin eta konpromisoz hartu dute Besaideri bide berri bat emateko ardura. Lan polita egingo ditu ziur!

Lagun hauek osatzen dute batzorde berria: Olatz Igartua, Elene Markaide, Luis Mari Mendarozketa, Andoni Altuna, Arantza Mendarozketa, Imanol Ibarra, Ibai Errasti, Leire Balentziaga eta Agustin Zugasti.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen