Elkarte arrasatearrak zehaztua du hurrengo asteetarako bere ibilbide orria eta hurrengo bi asteetan Arrasate inguruan ibiliko dira, euren egutegian garrantzitsuak diren bi zitekin; irailaren 20an ospatuko den Besaide egunarekin eta 26ko AGAMI, gaztetxoen II. mendi irteerarekin.
Esan bezala, Besaide eguna irailaren 20an, igandez, ospatuko da, goiz osoan zehar luzatuko den egitarauarekin. Ekitaldia, berez, 11:00etan hasiko den arren, mendizaleak oinez igotzera animatu dituzte, horretarako bi zita jarri dituztelarik; 9:00etan Monterron jauregian eta 9:50ean Udalako elizpean.
Behin Besaidera helduta, agurrak emango dio hasiera egitarauari, ondoren oroimen ekitaldi zibil bat izango da eta jarraian EMF eta FNDMyEko presidenteen hitzartzea egongo da.
Goiz osoan zehar, txosna zabalik egongo da mendizaleen gose eta egarriak asetzeko janari eta edariarekin.

Irailaren 26an, aldiz, AGAMI, Arrasateko Gaztetxoen II. Mendi irteera egingo dute, 6-12 urte bitarteko arrasatear gaztetxoei zuzenduta. Martxa 9:30ean hasiko da Biterin eta horetarako, aurretik, 8:30-9:15 bitartean txartelak jaso eta bete beharko dira. Izen ematea aurrez egin beharko da, irailaren 25eko eguerdia aurretik eta gehienez 200 gaztetxok hartu ahal izango dute parte.
Parte hartzea taldeka egingo da, gehienez 5 gaztetxo, heldu batek lagunduta eta azken honek izango du taldearen ardura. Ibilbidea 9,1 kilometrotakoa izango da –6koa Meatzerrekatik jaitsiz gero– eta taldeek 10:45erako Meatzerrekako kontrol gunetik pasata egon beharko du. Bakoitzak bere hamaiketakoa eraman eta sortzen duen zaborra bueltan ekarri beharko du eta martxaren amaieran txokolatea banatuko da Biterin.





