Danel Goikoleari “gero arte” hunkigarria egin zaio bertso artean

2
4532

Herritar ugari izan dira arrasatearraren aldeko omenaldian. Txalaparta, ohorezko aurreskua, lagunen bertsoak, pasarte umoretsu batzuk, une hunkigarriak, familiaren eskertza,… izan dira ekitaldian zehar.

Herritar ugari elkartu dira Danel Goikolearen omenezko agurrean, gaur iluntzean, Aldai parkean.

Txalaparta doinuek eman diote hasiera ekitaldiari, eta ondoren Markel Goikoleak ohorezko aurreskua dantzatu du.

Agurra aurkezteaz Jon Goikolea arduratu da eta umore puntu batekin baieztatu du Danel “domatzeko zaila den zaldi bat bezalakoa izan dela. Horrelako zaldiekin gertatu ohi den bezala, zaldi onenak bezalakoa zen, eta Danel horrela maite genuen”.

“Gustatzen zitzaion gauzak bere borondatez egitea, aginduak jasotzeak eta aginkeriak ez ziren berarentzat. Mertxe gu baino domadore askoz hobea izan zen, Mertxek ondo zekien Danelekin nola berba egin, bera nola zaindu eta horregatik ere Mertxe oso maite dugu familian”.

Familiak Danelen bizitzaren zenbait pasartetako argazkiak pantailaratu ditu, besteak beste, Danel Pello semearekin batera ageri diren irudiak.

Ekitaldian ere Danelen zenbait bertso entzun ahal izan dira, eta ondoren, Susanak familiaren izenean, gertuko pertsona batek idatzitako hitz hunkigarriak plazaratu ditu.

Danelek Ipar Euskal Herrian ikastolen eraikuntzan lagundu zuen, eta gaurko ekitaldian bere Iparraldeko lagun Gorka Torrek ere hitza izan du.

Gorkak gogoan izan ditu ere Guillermo Etxebarria eta Xanti Iparragirre, “hirurek izaeraz antz handia zutelarik”. Danelek Sehaskaren aldeko auzolanean parte hartu zuen, haibat arrasatear gazterekin batera.

“Danelek oso ondo aplikatzen zuen ‘besta bai, borroka ere bai’ lema. Benetan oroitzapen oso onak utzi ditu gure bihotzetan. Gainera, lema oso polit bat irakatsi zigun: ‘Dakixenak in deixela'”.

Euskal Herriko lehen bertso-eskolako ikasle izan zen, eta bertako zenbait lagunek bertsotan aritu dira agurrean. Familiak esker beroak eman dizkie bertaratu diren pertsona guztiei, eta ekitaldiari txalo beroekin eman zaio amaiera.

Albistea osatzen gabiltza

Erlazionatutako albistea:

Danel Goikolea bertsolari, artisau, margolari,… arrasatearra zendu da

2022ko urtarrilaren 17an argitaratutako albistea

2 IRUZKIN

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen