Bertso Txapelketa Nagusiaren saioetako bat Arrasaten izango da

0
355

Hamalau saio izango ditu txapelketak, eta bihar jarriko dira salgai sarrerak, 9:00etatik aurrera, www.bertsosarrerak.eus atarian.

Testua: Bertsozale Elkartea.

Txapelketaren egutegi osoa eta bestelako xehetasunak aurkeztu ditu gaur Bertsozale Elkarteak egindako agerraldian. Bilbon Euskaltzaindiak duen egoitzan izan da, eta bertan hartu dute parte Gontzal Agotek, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kideak; Idoia Trenorrek, Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak; eta Oier Iurramendik, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko koordinatzaileak.

Sei saio izango dira lehen fasean: irailaren 24an hasita, bina saio jokatuko dira astebururo. Zazpi finalaurreko izango dira jarraian: asteburuko saio bat jokatuko da, larunbatero, zehazki. Eta azkenik, abenduaren 18an finala izango da Iruñeko Nafarroa Arenan.

Pandemiak eraginda, azken Txapelketa Nagusitik bost urtera egingo da datorren hau, Bertsozale Elkarteak antolatzen duen hamargarrena. Azken urteotan, ahalegin handia egin du Bertsozale Elkarteak tokian tokiko antolatzaileekin, bertso-eskolekin eta sortzaileekin beraiekin batera plaza biziberritzeko: “Egoerak hobera egin du, eta horrek poza ematen du. Dena den, bertso plazaren martxa arretaz segitzen dugu; batetik, pandemiak utzitako ondorioak oraindik ere ez direlako guztiz desagertu, eta, bestetik, bertsolaritzaren egungo egoera bertan islatzen delako”, azaldu du Gontzal Agotek. Izan ere, Bertsozale Elkarteak plazaren irakurketa egin du aldian-aldian, eta datu onak dira azken hilabeteetakoak.

“Azken urteetan gertatutakoak gertatuta ere, argi esan dezakegu bertsolaritza oso bizi dagoela euskararen lurralde osoan zehar”, jarraitu du Idoia Trenorrek, eta erantsi: “Garrantzitsua da bizitasun hori nondik datorren azaltzea. Txapelketa ez da ekintza isolatu bat, txikitik, egunerokoan eta ahalegin handiz egunero egiten den lanaren ondorioa da”: hezkuntzan, ikerkuntzan nahiz plazan egiten den lana azpimarratu ditu, sei Bertsozale Elkarteen, Lanku Kultur Zerbitzuen eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eskutik. Hain zuzen, aurkezpenean izan dira Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteetako eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakariak.

Sarrerak bihartik aurrera jarriko dira salgai

Oier Iurramendik gogorarazi du, duela astebete iragarri bezala, www.bertsosarrerak.eus atarian jarriko direla salgai sarrera guztiak, bihar, ekainak 23, 9:00etatik aurrera. “Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan finalerako sarrerak saltzeko leihatila zerbitzua eskainiko da, 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 bitarte, ekainaren 23tik 30era, asteburuan salbu”. Halaber, egun horietan finalerako sarrera bermatuta izango dute Bertsozale Elkarteko bazkideek.

Sarreren inguruko informazio gehiago hemen dago, eta aurrerantzean Txapelketa Nagusia webgune honetan bertan jarraitu ahal izango duzue, baita Bertsoa.eus webgunean ere.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen