Bertso saioak errepikatuko dira udaberrian Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

0
295

Azken saioak azaroan egin ziren, eta izan zuten “harrera ona” ikusita, beste 18 saio antolatu dira maiatzean, ‘Adin-adin’ ekimenaren baitan. Maiatzaren 27an Iturbide egoitzan bertso saioa egingo dute Maider Arregik eta Anjel Mari Peñagarikanok.

Testua: Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk elkarlanean garatutako ‘Adin adin’ ekimenaren zazpigarren edizioaren baitan, 18 bertso saio berri antolatu dira Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan. Maiatzaren 13an hasi, eta hilaren amaierara arte, egoitzetan bizi diren adinekoen “gozamenerako”, bertso saioak eskainiko dituzte bina bertsolarik. Maite Peña, Gizarte Politikako diputatuak azaldu du azken saioak pasa den azaroan antolatu zirela, eta “izan zuten harrera ona kontuan izanik, saio berriak antolatu ditugu maiatzean, udazkenera arte itxaron beharrean”.

18 egoitzetara iritsiko dira bertso saioak oraingo edizioan, bertan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetzea eta bertsoen bidez euren gaitasuna sustatzea helburu hartuta. COVID-19ak sortu duen egoera berrira moldatuta egingo dira saioak, eta egoitza bakoitzean bina bertsolarik hartuko dute parte, eskualde berekoak eta belaunaldi ezberdinetakoak.

Bertso saio hauek duten “garrantzia eta onura” azpimarratu ditu diputatuak, emozioetara iristen den tresna baita bertsoa. Bertso saioak aurrez prestatzen dira egoitza bakoitzeko dinamizatzaile eta animatzaileen bidez egoiliarrekin, gogoko dituzten bertso zahar eta kantu herrikoiak ezagutzeko, eta horrela bertsolariak doazenerako parte hartzea errazago aktibatzeko. “Urtez urte proiektua haziz doa, eta azken urteetako balorazio positiboak oinarri harturik, horrelako ekimenak zabaltzen jarraituko dugu”.

Proiektu honen bidez, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza adinekoen egoitzetara iritsarazten da, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, “terapeutikoki zein ludikoki”. Gakoa “adineko pertsonen parte-hartzea bultzatzean eta euren arteko harremana hobetzean” dagoela adierazi du Peñak, “beste behin ere” Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa berretsiz. “Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie”, eta horrek sortzen duen “eragin positiboa” balioetsi du diputatuak.

Bertso saioen egutegia

  1. Azpeitia. Maiatzak 13. San Martin egoitza. Julene Iturbe eta Juan Joxe Eizmendi “Loidisaletxe”.
  2. Tolosa. Maiatzak 18. Uzturre egoitza. Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso.
  3. Segura. Maiatzak 18. San Juan egoitza. Maialen Akizu eta Andoni Egaña.
  4. Zumaia. Maiatzak 18. Otezuri egoitza. Uxue Alkorta eta Anjel Mari Peñagarikano.
  5. Azkoitia. Maiatzak 19. San Jose egoitza. Naia Arrizabalaga eta Sebastian Lizaso.
  6. Bergara. Maiatzak 19. Mizpirualde egoitza. Ainhoa Agirreazaldegi eta Andoni Egaña.
  7. Legazpi. Maiatzak 19. Santikutz egoitza. Ane Beloki eta Anjel Mari Peñagarikano.
  8. Aretxabaleta. Maiatzak 20. Debagoiena egoitza. Haizea Arana eta Sebastian Lizaso.
  9. Usurbil. Maiatzak 23. Puntapax eguneko zentroa. Ane Labaka eta Sebastian Lizaso.
  10. Zumaia. Maiatzak 24. San Juan egoitza. Uxue Alkorta eta Jon Maia.
  11. Donostia. Maiatzak 25. Elizaran. Ane Labaka eta Anjel Mari Peñagarikano.
  12. Errenteria. Maiatzak 25. Jesusen Bihotza egoitza. Alaia Martin eta Andoni Egaña.
  13. Donostia. Maiatzak 26. Zorroaga egoitza. Amaia Iturrioz eta Andoni Egaña.
  14. Lazkao. Maiatzak 27. Txindoki egoitza. Ane Beloki eta Sebastian Lizaso.
  15. Oiartzun. Maiatzak 27. Petra Lekuona egoitza. Alaia Martin eta Jon Martin.
  16. Arrasate. Maiatzak 27. Iturbide egoitza. Maider Arregi eta Anjel Mari Peñagarikano.
  17. Tolosa. Maiatzak 30. Iurreamendi egoitza. Amaia Agirre eta Anjel Mari Peñagarikano.
  18. Beasain. Maiatzak 30. Arangoiti egoitza. Oihana Iguaran eta Andoni Egaña.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen