AEDk antolaturik, lau bertsolariak oro har gustura aritu ziren, batez ere saioaren agurrean. Halaber, serioago jardun behar izan zuten batzuetan, amatasunaren inguruan esaterako.
Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak antolaturik, aurtengo Santamas berezietan ere bertso-jaialdia izan da. Ekitaldia atzo arratsaldean egin zen Amaia Antzokian.
Saroi Jauregik jarritako gaiak garatu zituzten Ane Zuazubiskarrek, Uxue Alberdik, Beñat Gaztelumendik eta Aitor Sarriegik, gehienetan umore klabean.
Azpimarratzekoa da, besteak beste, bertsolari arrasatearrak amatasunaren inguruan eraikitako hiru bertsoak.
Lau sortzaileek jorratutako beste gai batzuk negazionismoa, iraganeko punk jokabidea,… izan ziren. Agurra bereziki umoretsua izan zen, bertsolariak sortzen eta barrezka, eta publikoa ere gustura.