Bertako LGTBIQ+ ahotsek Arrasaten “gehiago antolatzera” dei egiten dute

0
3169

‘Ikusgarriak gara, eta orain zer? Arrasateko LGTBIQ+ ahotsak’ solasaldia egin zen atzo, eta “Arrasate ere arnasgune” izatearen beharra ere nabarmendu zen. Emakume Txokoan egindako ekitaldian Ane Uribarrenek eta Oihan Zubizarretak euren esperientzia eta sentimenduak partekatu zituzten, Kattalin Minerrek gidatutako saioan.

Morbor sexu askapen taldeak eta Arrasateko Emakume Txokoak antolaturiko ‘Ikusgarriak gara’ LGTBIQ+ egitarauak aurrera darrai.

Atzo arratsaldean ‘Ikusgarriak gara, eta orain zer? Arrasateko LGTBIQ+ ahotsak’ izeneko mahai-ingurua egin zen.

Emakume Txokoan izan zen, eta Oihan Zubizarretak eta Ane Uribarrenek euren esperientzia eta sentimenduak partekatu zituzten.

Kattalin Minerrek gidatu zuen saioa eta ideia ugari adierazi ziren bertan, adibidez oraindik sexilioa existen dela.

Izan ere, hiriek “arnasgune” izaten jarraitzen dute, eta Anek borrokaren bitartez “Arrasate ere arnasgune” izateko nahia azaldu zuen, “uste baitut askotan arnasgune ez dela”.

Ildo honetan, erreferenteak izatearen garrantzia azpimarratu zuen, eta “Arrasaten erreferenteak izan ditut, baina gutxi izan dira”.

Horri aurre egiteko, galdera batzuk planteatu zituen: “Zergatik ez dugu Arrasaten topagune bat sortzen? Zergatik ez dugu sare bat sortzen eta mugimendua indartzen?”.

Testuingurua Arrasate izanik, Oihanek adierazi zuen “herri aurrerakoia, ezkertiarra, aitzindaria hainbat gauzatan, eta punkarena dela, ustez apurtzailea”:

“Baina ohartzen zara horren atzean, lasai asko, praktika, pentsakera eta jokabide kontserbadore eta tradizionalak erreproduzitzen direla, gauza askotan”.

Beraz, “herri honetan badago oinarri bat” mugimendua garatzeko baina “errentetatik bizitzearen” arriskuaz ohartarazi zuen.

‘Ikusgarriak gara’ goiburua “nire ustez batez ere galdera bat da, baieztapen bat baino, eta aldarrikapen bat bada ere, desio bat, zoritxarrez ez delako errealitate bat”.

Herriko “eremu batzuetatik, ikuspegi politiko batetik, aitortza moduko bat ikusten dut”, baina hortik kanpo “ez gara ikusgarriak”.

Anek “gazte ikuspegitik, onarpen bat egon badagoela” azaldu du, “baina azalekoa da”, eta “ikusgarriak gara soilik egun seinalatuetan eta oro har kolektiboki antolatzen garenean”.

Oro har, Oihanek azaldu zuen “gauzak onerako aldatu direla”, baina “politikoki gehiago antolatzeko zailtasunak” aipatu zituen, egungo gizarte ereduaren ondorioz.

Bi solaskideek “frustrazio puntu bat” agertu zuten, eta horren inguruan ere hausnartu zen. Erreakzionarismo atzerakoien aurka espazio publikoetan egitera dei egin zuten biek ala biek.

Mahai-inguruaren ostean Dj-a eta luntxa izan ziren, eta hitzordu garrantzitsuan ere azpimarra jarri zen:

Ekainaren 28an, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, bilkura egingo da 12:30ean Herriko Plazan, eta kuir-poteo musikatua ere izango da, Morbor taldeak deituta.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen