Bertako Kulturari arnasa emango dio Herrixa bizirik! ekimenak Gaztetxean

0
279


Asteburu honetan kontzertuak, jokoak, hitzaldia,… izango dira AGAKO, Euskaraldia eta Txosna Batzordeak antolatuta.

Beheko testua eta kartela: Antolatzaileak.

Lanean ibili garela genioen duela pare bat aste sare sozialen bitartez, eta gaur lan horren fruitua aurkeztera gatozkizue. Urriaren 30, 31 eta azaroaren 1 hartzen dituen asteburu honetarako hainbat ekintza antolatu ditugu. Asteburu zinez berezia da honako hau, gainera, Gaba Baltza ere urriaren 31n ospatzen baita.

Azken hilabeteak denontzat zailak izan direla ezin uka, baita Arrasateko herri mugimenduarentzat eta herriko zein bailarako talde eta kulturgileentzat ere; eta, ezin uka, aldi berean, gaur egun bizi dugun egoerak ere mesede gutxi egingo digula datozen hileotan. Horregatik, Arrasateko herrigintzari eta bailarako musikariei arnasgune bat eskaini nahi izan diegu egitarau honen bitartez; herrigintzako eragileak eta talde-txikiak bizirik irtengo badira, herri-mailako erantzun kolektibo autogestionatuei esker izango da eta.

Lan honetan, Txosna Batzordea osatzen dugun eragileez gain, hainbat bidelagun batu zaizkigu. Alde batetik, AGAKO batu zaigu batzordera asteburu honen antolakuntza lanetan aritzeko. Arrasateko Gaztetxea asteburuan dauden ekintza guztien topaleku bihurtuko da, gainera.

Bestalde, Leintz-Bailarako Euskaraldia ere batu da proiektura eta asteburuko hainbat ekintzek euskarari bultzada bat ematea izango dute helburu; esate baterako, bingo musikatuak, edota Hekatombe, Txerrikumeak eta Rebel Noise taldeen kontzertuek. Horretaz gain, Gaztetxean bertan aurten azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den Euskaraldian izena emateko aukera egongo da larunbat arratsaldean zehar. Ea horrela Arrasate ere euskararen arnasgune bilakatzea lortzen dugun denon artean.

Asteburuan zehar, gainera, herriko eragile ezberdinen materiala ere salgai izango dugu Gaztetxean. Herri mugimenduak horren beharrezko duen sostengua lortzea izango da helburua, eta, beraz, herritarrak animatu nahi ditugu euren aletxoa jar dezaten.

Bestalde, asteburu honetan ere gurekin egon ezin direnak gogoan izango ditugu eta Arrasatear oro hileko azken ostiralero egiten den bilkurara gonbidatu nahi genuke. Hilero legez, ostiralean 19:30ean ospatuko da bilkura herriko plazan, baina oraingo hau berezia izango da; bilkura ibiltaria izango baita, herriko kale eta plazetan zehar joango dena. Eta, noski, gu ere bertan izango gara euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea aldarrikatzen. Ez gaude denok!

Azkenik, aurretik aipatu bezala, etengabe aldatzen doan egoera honetara ahalik eta hoberen moldatzen ari garela aipatzea gustatuko litzaiguke. Gure planetan egitasmoa bertan behera uztea sartzen ez den arren, Urkulluren gobernuak neurri berriak hartu ahala moldatu egin beharko ditugu ekintzak. Noski, esan gabe doa ekintza guztiak segurtasun neurriak beteaz burutuko direla. Aldaketarik egongo balitz, sare sozialen bidez aurkeztuko genituzke, betiere egitaraua bere osotasunean aurrera ateratzeko ahalegina eginaz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen