Berorik gabeko sua gaur Arrasaten

0
1995

Paganoek urteko gaurik laburrena ospatzen zuten, ekainaren 21ekoa. Udako solstizioaren etorrera zoriontsua zen. Suak pizten zituzten eguzkiari indarra emateko, beste urtebetez argiztatzen jarrai zezan. Suaren bidez, maitale bikoteentzako etorkizun oparoa eta emakumeentzako emankortasuna ere eskatzen zizkieten jainkoei. Azkenean kristauek data atzeratu zuten San Joan Bataiatzailearen jaiotzarekin bat etortzeko.

Orain jai herrikoia da, udari hasiera ematen zaio eta haurrek eskolen amaiera ospatzen dute. Eguzkiak, hondartzak eta eguraldi onak festa bat merezi dute udari hasiera emateko. Espero dugun udak orain arte ikusi diren guztien aldean oso desberdina izango dela agintzen duen arren, uda iristeak beti merezi du gogoratzea, eta, horregatik, suak beste urte batez distira hartu du Arrasateko herriko plazan. Bertan ez da izan ia ikuslerik eta plazan soilik dantza, kantu eta musikaren egileak batu dira ekitaldia aurrera eraman ahal izateko.

Txalaparta soinuekin hasi da ekitaldia, 22:30ean. Handik bost minutura, hainbat eragilek sua piztu dute eta ostean, San Juan zortzikoa dantzatu dute Lore Gazteak eta Txikitxu Arrostaitz taldeetako dantzari trebeek. Dantzen ostean, bertsoen txanda ailegatu da eta Ane Zuazubiskar arrasatearra oholtzara igo da zenbait bertso botatzeko sua, dantzari, musikari eta udal-ordezkarien aurrean. Ostean Udalaxpeko txistulariek hartu diote lekukoa, eta ostean Arrasateko Trikitixa Eskolako lagunek. Arrasateko gaiteroek ere bat egin dute festarekin.

Festari amaiera emateko, Goikobalu taldeko kideak eszenatokian agertu dira, euren ahotsekin ekitaldia beste urtebetez amaitutzat emateko. Hala ere, ekitaldiak iraupen jakin bat zuen aurreikusita, eta askok nahi baino lehenago iritsi da jaiaren amaiera danborradako Gora Arrasate doinuarekin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen