Berdinketa berri bat Kanpanzar Arrasaterentzat

0
241

Testua: Isei Barbero. Argazkiak: Ricardo Santa Cristina.

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko hirugarren partidua jokatu dute asteburu honetan, bigarrena zaleen aurrean eta, orain direla aste batzuk Mojategin Durangoren kontra gertatu bezala, oraingoan ere emaitza berdinketa izan da.  Laugarren jardunaldiaren baitan, gogoratu beharra dago estreinaldiko jardunaldian Getxon jokatu beharreko partidua atzeratzea adostu zutela bi taldeek, Julen Barrutiaren mutilek Uni Bilbo hartu zuten etxean zapatu arratsaldean eta, norgehiagoka parekatuaren ostean, azken emaitza 12-12 izan zen.

Gogotsu zelairatu ziren bi taldeak, ikasturteko aurreneko garaipena eskuratzeko helburuarekin –Uni Bilbo ere partidurik irabazi gabe dago- eta, esan bezala, hasiera hasieratik indarrak parekatuta egon ziren.  Dena den, 10. minutua bete orduko bisitariek aurreneko kolpea eman zuten, entsegua lortu eta 0-5 aurreratuz.  

Handik gutxira, baina, arrasatearrek markagailua irauli egin zuten, Suinagaren entsegua eta Abarrategik gauzatutako transformazioarekin.  Horrekin konformatu ez eta, atsedenaldira joan aurretik, Suinagak berak etxekoen bigarren entsegua lortu zuen.  Gauzak horrela, Barrutiaren mutilek 12-5eko abantailarekin hartu zuten aldageletarako bidea aurreneko 40 minutuak agortuta.

Bigarren zatia lehenengoa bezala hasi zen, indarrak parekatuta eta bilbotarren entsegu berri batekin aurreneko 10 minutuak beteta.  Atsedenaldi aurretik ez bezala, baina, oraingoan Uni Bilbok ez zuen hutsik egin transformazioa gauzatzerako orduan eta, honenbestez, markagailua berriro ere orekatu egin zen.  Barrutiaren mutilek jo eta su jarraitu zuten lanean, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta norgehiagoka 12-12ko berdinketarekin amaitu zen.

Berdinketa honekin Kanpanzar Arrasatek eta Uni Bilbok sailkapen zuloan murgilduta jarraitzen dute, azkenaurreko eta azken postuetan, hurrenez hurren.    Hurrengo asteburuan Barrutiaren mutilek aukera berri bat izango dute denboraldiko aurreneko garaipena eskuratzeko, oraingo honetan Baztanen, euren aurretik dagoen BRT Menditarrak taldearen kontra.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen