Beñat Arzadunek Mundukideren Mozambikeko proiektua azaldu du

0
177

Harremanek antolatuta, Beñat Arzadunek Mozambiken Mundukidek garatzen duen proiektuari buruz hitzaldia eman du Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Hitzaldira bertaratu direnek proiektu honen alderdi guztiak ezagutzeko aukera izan dute: ekonomikoak, sozialak, lankidetzakoak, ezagutzakoak, lanekoak, generokoak, etab.

Mundukideko kide honek 2002tik dihardu Mozambiken proiektua lantzen, “1999an egin genituen lehenengo urratsak. Mozambikera plan estrategiko batekin iritsi ginen, eta konturatu ginen ez zutela funtzionatzen, eta berriro hasi ginen lanean. Askotan proba eta akats lana izan da, bide zuzena aurkitu arte.” Arzadunek azaldu duenez, “proiektuak batez ere gizaki ororen lehen beharra betetzen du. Nekazaritza-teknikak hobetzeko aukera ematen die, bizi-kalitate hobea ekarriko duten ekonomia txikiak sortzeko. Hori guztia gizarte-eraldaketaren ardatz gisa lan eginez.”

Hitzaldian, Arzadunek inguru horietan bizi duten egoerari buruzko hausnarketa ere egin du. “Monzanbikeko herriak 30 urtez bizi izandako gerrak eta laguntza humanitarioarekiko mendekotasunak gosete-egoera oso prekarioa ekarri zuen, denboran luzatu zena. Estrategia aldatzeko beharraz ohartu ginen. Aukerak sortzea mozambiketarrak ez daitezen inoren esku egon, beren esku baizik.” Azaldu duenez, “urte hauetan zehar prestakuntzaren, laguntza teknikoaren eta teknologiaren bidez lagundu dugu, testuingurura eta tokiko beharretara egokituz. Garapen sozioekonomikoa sustatzen ari diren kolaboratzaileen bidez egiten dugu, beren esperientziatik abiatuta eta zuzenean komunitateekin lan eginez, epe luzeko prozesuetan dauden tokiko bazkideen sare zabal baten bitartez.”

Mundukidek, gaur egun, 15.000 nekazari-familia laguntzen ditu nekazaritza-teknikei buruzko prestakuntzan eta laguntzan, ekoizpena areagotu dezaten eta, horrela, haien bizi-kalitatea hobetu dezaten. “2025erako 20.000 nekazari-familiara iritsi nahi dugu laguntza honetan”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen