Arrasaten martxan jarri dute “Belaunaldien arteko topaketak” egitasmoa, apirilaren 24an hasita, belaunaldi ezberdinen arteko harremanak eta esperientzien trukea sustatzeko helburuarekin. Ekimenak Arrasateko Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasle guztiak biltzen ditu, eta hainbat gunetan egiten ari dira saioak, besteak beste Atarte, Iturbide Egoitza, Eguneko Zentroa eta Sasoibide elkartean.
Topaketa hauetan, haurrek eta adinekoek elkarrizketarako eta partekatzeko espazioak sortzen dituzte, hainbat gairen inguruan, hala nola lehengo eta oraingo jolasak edota eguneroko zaletasunak, ohiturak eta kezkak. Dinamika berezi gisa, parte-hartzaile bakoitzak bere garaiko objektu bat edo argazki bat eramaten du, iraganaren eta orainaren arteko konparazioa eta elkarrizketa erraztuz.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, saioak oso aberasgarriak eta hunkigarriak izaten ari dira, bai haurrentzat bai pertsona nagusientzat, eta baita proiektuan parte hartzen duten profesionalentzat ere, hala nola bibliotekako langileak, gizarte-aholkulariak edo egoitzetako begiraleak.
Saioek aste honetan jarraituko dute, goizeko 10:00etatik 12:00etara, haur bibliotekan egindako topaketekin. Egitasmoaren amaiera maiatzaren 7an izango da, Kulturateko Areto Nagusian egingo den saio bateratuarekin.






