M8 egitarauaren baitan, eta AEDk antolatuta, Annie Ernaux-en liburua (Nobel Saria 2022) aztergai izan zen atzo. Gema Lopez Las Heras itzultzaileak gako ugari eman zituen, eta Emakume Txokoko irakurketa feministen guneko kideek ere parte hartu zuten.
Martxoaren 8ko egitarauaren lehen ekitaldia egin zen atzo arratsaldean, ‘Emakume izoztua’ liburuaren Arrasateko aurkezpena, hain zuzen.
AEDek antolaturik, Itxaro Artola Lizarraldek egin zituen aurkezpenak, eta mahaiaren bueltan beste bi lagun ere izan ziren:
Gema Lopez Las Heras, liburua euskarara ekarria duen itzultzailea, eta Xabier Mendiguren Elizegi, Elkar argitaletxeko editorea.
Kulturaten ere Euskara zinegotzi Joseba Ezpeleta Irizar izan zen, bai eta Laboral Kutxako ordezkari bat ere. Aurkezpen bat ez ezik, irakurketaldi eta solasaldi ere izan genuen.

Xabier Mendigurenek Jokin Zaitegi Plazaolaren ekarpena izan zuen hizpide, eta aldarrikatu zuen Arrasateko “euskaltzale handia”ren ideietako bat:
“Gura badugu euskara beste hizkuntzak bezalakoa izatea, hau da, munduko hizkuntza bat izatea, euskara gai izan behar da munduko beste kulturak ere euskaraz emateko”.
Gaur egunera ekarrita, “dekolonizaioaz eta feminismoaz idazten dutenak euskaraz ematea izango litzateke munduko egungo pentsamendua euskaraz ematea”.
Gema itzultzaileak Annie Ernaux-en bizitzaren hainbat zertzelada partekatu zituen, tartean aipatuz 2022ko Literaturako Nobel Saria irabazi zuela.

“Anniek ez zuen nahi bere jatorriko giroan harrapatuta geratzea nahi” eta bere literatura “ia erabat autobiografikoa da”, ildo horretan “berak azpimarratu izan du berak ez dituela nobelak idazten, autobiografia nobelatuak baizik”.
Halaber, “literatura sozial eta feminista” idatzi du, eta ‘Emakume izoztua’ duela 40 urte baino gehiago idatzi bazen ere, “oraindik gaurkotasuna gordetzen du”.
Izan ere, “bertan azaltzen diren gauza askorekin identifikatuta sentitzen dira/gara belaunaldi berriak. Areago belaunaldi zaharragoak”.
Emanaldian ere Emakume Txokoko irakurketa feministen guneko kideek liburuaren zenbait pasarte iraurri zituzten, eta solaserako tartea zabaldu zen.




