Beiratea gaur jartzen hasi dira igerilekuak “otsail hasieran” berrirekitzeko

0
669

Udalak azaldu du “pandemia dela eta, gure hornitzaileek arazoak izan dituztela materiala ekartzeko”. Hiru Thermik kooperatiba dabil beiratea jartzen, eta baliteke “zortzi egun” barru leihate guztiak jartzen bukatzea.

Haizeteak urriaren 21ean barruko igerilekuetako leihate bat puskatu zuen. Beste seirak egoera arriskutsuan zeuden, eta suhiltzaileek bota zituzten.

Beirate berria jartzeko lanek atzerapen nabarmena izan dute. “Apurtu eta hurrengo egunean guztia martxan jarri genuen kontrataziorako” adierazi dio gaur Ander Garayk Goienari.

“Azaro erdi ingururako kontratua esleituta zegoen, baina, pandemia dela eta, gure hornitzaileek arazoak izan dituzte materiala ekartzeko”. “Azkenik, aurreko astean baieztatu ziguten aste honetan hasteko moduan zeudela”, adierazi du Kiroletako zinegotziak.

Hiru Thermik kooperatiba arrasatearra hasi da gaur beiratea jartzen, eta langileen aurreikuspenen arabera, “zortzi egun” beharko dituzte leihate guztiak jartzeko.

“Guztia prest daukagu haiek amaitu eta hurrengo egunean igerilekua ireki ahal izateko. Beraz, otsaileko lehen astearen bukaerarako edo bigarrenaren hasierarako zabaldu ahal izango dugu”, aurreikusi du Ander Garayk.

Behirate berria “ez da hezetasunarekin lurrunduko, eta egungo segurtasun araudiarekin bat dator”. 6’6 metro zabal izango dira eta 3,34 metroko altuera izango dituzte sei estruktura. Beste leihatea handiagoa izango da: 13’20 metro zabal eta 3’34 metroko altuerakoa.

Era berean, denbora tarte hau beste lan batzuk egiteko baliatu du Udalak: “azpiko baldosen juntura guztiak behar bezala jarri eta bete dituzte, sistemako iragazte hodiak konpondu dituzte, eta harmailak margotu”.

Kuotei dagokienez, Udalak itzuli egin ditu “dagoeneko azaroko eta abendukoak, eta urtarrileko gune hezeko kuota ez die kobratuko bazkideei”. Urteko kuota daukaten herritarrei “hamaika hilabete kobratuko zaizkie, urtarrilean ezin izan baitute erabili”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen