Behin-behineko BAZen bulegoak Iturriotz kalean egongo dira asteazkenetik aurrera

0
3493

Hilabete honen amaieran hasiko dira lau hilabetez luzatzea espero diren Biztanleen Arreta Zerbitzuetako (BAZ) bulegoak berritzeko lanak eta, asteazkenetik aurrera, zerbitzu hori Iturriotz kalean emango da, horretarako egokitutako instalazioetan.

Arrasateko Udalak Biztanleen Arretarako Zerbitzuaren (BAZ) instalazioak osorik berritzeko proiektua pasa den urtean abiarazi zuen proiektuaren idazketarekin, izan ere, zerbitzua martxan jarri zenetik 20 urte igaro dira, eta instalazioak eta teknologiak eguneratzeko beharra zegoen.

Gaur egungo bulegoetatik behin behineko BAZera lekualdatzea astelehenetik asteazkenera egingo dute, hau da, maiatzaren 18tik 20ra. Lekualdatze honek eragina izango du funtzionamenduan, eta BAZ zerbitzu minimoekin arituko da egun horietan. Asteazkenetik aurrera (maiatzak 20), ordea, Iturriotz kaleko 21. zenbakian egongo da zabalik behin behineko BAZ.

«Hiru egun horietan material informatikoa lekualdatzen izango gara, eta baliteke momentu batzuetan etenaldi txikiak egotea zerbitzuan. Pazientzia eskatu nahi diegu herritarrei lekualdatzeak sortuko dituen eragozpenengatik. Asteazkenetik aurrera lokal berri honetan izango gara zerbitzua ematen» azaldu du Edurne Muxikak, Biztanteen Arreta Zerbitzuko teknikari arduradunak.

Lau hilabetetako lanak
Udalaren aurreikuspenen arabera, maiatzeko azken astean abiatuko dituzte BAZ berritzeko obrak. Lau hilabeteko iraupena izatea aurreikusten dute, eta Zamakoka SA enpresak burutuko ditu. Lanen aurrekontua 486.139,90 eurokoa da (BEZa barne).

Eraberritze honen bidez, bulegoaren erabateko irisgarritasuna bermatuko da egungo lur-kotak berdinduz, eta espazioaren banaketa optimizatuko da herritarren intimitatea eta langileen ergonomia hobetzeko. Horrez gain, arreta-gaitasuna sendotuko da 8 teknikariei beraien lekua eskainiz, auto-tramiteetarako gune iraunkorra (OTT) gaituko da eta eraikinaren energia-eraginkortasuna nahiz isolamendu termikoa indartuko dira, herritarrei zerbitzu modernoagoa, erosoagoa eta identifikagarriagoa eskaintzeko helburuarekin.

Zerbitzu integrala helburu: pertsonalizatua, diskretua eta gertukoa
BAZ berriak arreta emateko eredu berri bat ere ekarriko du, pertsonalizatuagoa, diskretuagoa eta gertukoagoa. Izan ere, obra hauek zerbitzu integrala eskaini ahal izateko oinarrizko egokitzapen eta prestaketa lanak egiteko ere badira. «Zerbitzu integralak aurrerapen handia ekarriko du Udalarekiko tramiteetan, izan ere, sistema berriarekin herritarra tramite osoa eginda aterako da BAZetik, buelta gehiago eman gabe», azaldu dute.

«Gaur egun ezagutzen ditugun zutikako mostradoreak desagertuko dira eta BAZ berrian mahaietan artatuko dira herritarrak. Gainera, pantaila bikoitza izango dute mahai horiek, bata teknikariak kudeatuko dutena, eta, bestea, herritarrak dokumentazioaren tramitea jarraitzeko. Azken helburua BAZ berria zerbitzu integrala bilakatzea baita, herritarrei berme eta erraztasun guztiak eskaintzeko», adierazi du Kepa Urteaga zinegotziak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen